Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/26

Uxue Juarez Gaztelu idazlea, Hugoenean

“Sitsaren egunerokoa” proiektua lantzen ari da, ahotsaren, paisaiaren eta entzumenaren arteko harremanak ardatz dituen ikerketa poetiko eta performatiboa

Uxue Juarez Gaztelu (Iruñea, 1981) hautatu dute aurtengo Hugoeneako egonaldirako. Filologoa, literatura irakaslea, poeta eta idazlea da.

Egonaldi honetan, Sitsaren egunerokoa proiektua lantzen ari da, ahotsaren, paisaiaren eta entzumenaren arteko harremanak aztertzen dituen ikerketa poetiko eta performatiboa. Abbadiako, Hendaiako eta Pasai Donibaneko paisaia natural eta akustikoetatik abiatuta, testu poetikoak, kantuak, grabazioak eta pieza hibridoak bilduko dituen corpus bat garatu nahi du. Horrekin, ahozkotasuna, kantua, soinua, entzutea eta gaur egungo idazketa elkarrizketan jarriko dituen artxibo poetiko bizia sortu nahi du.

Lehenik, Hendaiako Abbadia eremuan eta Larretxean egin du egonaldia. Ondoren, Pasai Donibaneko Hugoenea etxera etorri da, eta bertan dago irailaren 25etik; azaroaren erdialdera arte egongo da. Bi egonaldietan topaketak antolatu dira, haren lanaren garapena ezagutzeko.

Egonaldi horien helburua da idazleei sorkuntza prozesurako baliabideak eta inspirazio iturriak eskaintzea. Larretxeak eta Hugoeneak, beren ingurune natural eta kulturalari esker, sortzaileei beren lana garatzeko espazio aproposa eskaintzen diete, eta aukera ematen diete Euskal Herriko ondarean murgiltzeko.