Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2026/06/19
Lizeoak eta Udalak hitzarmena sinatu dute Usoz gaueko aparkaleku gisa erabiltzeko eta patioaren erabilera arautzeko
Ekainaren 22tik aurrera, gaueko aparkaleku gisa erabili ahalko da patioa

Pasaiako Udalak eta Pasaia-Lezo Lizeoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute Antxoko ikastolako Usoz eremuaren erabilera, zaintza eta mantenua arautzeko. Akordioak hainbat alderdi jasotzen ditu: jolastokiaren erabilera antolatzea, etorkizunean eremuaren berrantolaketa bultzatzeko konpromisoak zehaztea, eta Antxoko aparkaleku-egoerari erantzuteko behin-behineko neurriak ezartzea.
Azken atalari dagokionez, Usozko kanpa, ikastolaren kanpoaldeko patioa, gaueko aparkaleku libre gisa erabili ahal izango da ekainaren 22tik aurrera, behin ikasturtea amaituta. Neurri honen helburua da Antxon azken hilabeteetan areagotu den aparkatzeko zailtasuna arintzea, bereziki topoaren obren ondorioz hainbat aparkatzeko espazio galdu ostean. Hala ere, bi erakundeek azpimarratu dute irtenbide honek behin-behineko izaera duela eta Usozko eremuaren erabilera nagusiak hezkuntzari eta haurren aisialdiari lotuta jarraituko duela.
Horregatik, erabilera-baldintzak bereziki zaindu dituzte bi aldeek: Usozko eremua gauez bakarrik erabili ahal izango da aparkaleku gisa: udako ordutegian 21:00etatik 08:00etara eta neguko ordutegian 19:00etatik 08:00etara. Asteburuetan ere ordutegi bera mantenduko da, eremuak egunean zehar jolasgune eta topagune izaten jarrai dezan.
Pasaiako alkate Teo Alberrok eskerrak eman dizkio Pasaia-Lezo Lizeoari erakutsitako prestutasunagatik eta elkarlanerako borondateagatik: "Elkarlanik gabe ezinezkoa izango zen neurri hau martxan jartzea. Hasieratik argi izan dugu Usozek jolasgune eta hezkuntza-eremu izaten jarraitu behar dela; horregatik ezarri dugu erabilera gauez bakarrik, baita asteburuetan ere, eta, horrez gain, parte-hartze prozesu bat garatuko dugu artean datorren ikasturtean hezkuntza komunitatearekin, espazioaren erabiltzaile nagusien beharrak eta proposamenak jasotzeko”.
Akordioak, beraz, bi indargune nagusi ditu alkatearen ustez: “Batetik, haurrek eta gazteek identifikatutako jolasguneak, egonlekuak eta bestelako erabilera-eremuak sortzeko bidea zabalduko du, eta bestetik, aparkalekuaren egoera hobetzen lagunduko du”.
Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendari Iker Vidal pozik agertu da lortutako akordioarekin: “Familiek egindako eskaera bati erantzuten dio hitzarmen honek. Elkarlanaren bidez, espazio horren erabilera, zaintza eta etorkizuna modu argiagoan arautzeko oinarriak ezarri ditugu, eta hori oso positiboa da guretzat”.
Vidalen hitzetan, hitzarmenak onurak ekarriko dizkio ikastolari zein herriari: “Aurrerantzean argiago zehaztuta geratuko dira erabilera-irizpideak, mantentze-lanen eta garbiketaren ardurak, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa emango die bi aldeei. Gainera, hitzarmen honek ikastolako jolastokiaren etorkizuneko berrantolaketarako oinarriak ezartzen ditu. Horri esker, parte-hartze prozesu baten bidez, eremuaren etorkizuna elkarrekin irudikatu eta diseinatu ahal izango dugu”.
Bi erakundeek nabarmendu dute akordioa ez dela berehala lortu, espazioaren berezitasunak kontuan hartuta koordinazio eta lanketa handia behar izan baitira. Usozko zelaigunea udal-jabetzakoa bada ere, gaur egun ikastolari lagata dago hezkuntza-erabilerarako, eta horrek ezinbesteko bihurtu du bi erakundeen arteko adostasuna.
Era berean, gogorarazi dute neurriak malgutasuna izango duela eta une jakin batzuetan egokitzapenak egin ahal izango direla ikastolaren, antxotarren edo gizarte-jardueren beharrei erantzuteko. Esate baterako, egunotan espazio horretan lehiatzen ari den futbito txapelketako arduradunekin harremanetan dago jada Udala.






