Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/09/17

Urtz taldeak kontzertu berezia eskainiko du Pasaian, sortu zeneko herrian

Urriaren 4an izango da San Pedron, doan, eta EITBk grabatu egingo du

1988an Pasaian sortutako taldea da Urtz. 90eko hamarkadaren hasieran indar handiz sartu zen musika eszenan, eta euskarazko rockaren erreferente bihurtu zen, soinu pertsonal bati esker: energia elektrikoa, melodia sentibera eta konpromisozko letrak uztartzen zituena.

Hasieratik, taldeak bere erro pasaitarrak aldarrikatu ditu, harrotasunez erakutsiz udalerriko entsegu lokaletan jaiotako talde baten jatorria, berehala euskaldun giroan sona handia eskuratu zuena.

Musikaren munduan 37 urte igaro ostean, Pasaiako Udalak eta Pasaia Musikal Udal Fundazioak EITBren babesarekin, omenaldi berezia prestatu dio taldeari. Hala, urriaren 4an doako kontzertua eskainiko du talde euskaldunak, bere lehen urratsak eman zituen herrian. Ekimena San Pedroko lonjaren plazan izango da, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da eta EITBk zuzenean grabatu eta telebistan eskainiko du aurrerago. Euria egingo balu, kontzertua Antxoko Ibaiondoko frontoian ospatuko litzateke.

Kontzertua aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Teo Alberro Pasaiako alkatea, Aitor Brion Kulturako eta Ondareko zinegotzia, Gorka Miranda Pasaia Musikaleko fundazioaren zuzendaria, Urtz taldeko partaide Xabier Camarero eta Dani Vicente, eta Andoni Salas eta Luisma Laboa, EITBren ordezkari gisa. 

“Urtz talde pasaitarra da, eta beti harrotasunez aldarrikatu dute hori. Harro gaude ia berrogei urteko ibilbidearen ondoren, euskarazko rockaren ondare izugarria osatuta, Pasai San Pedron berriz arituko direlako. Emanaldi berezi honekin Urtz bere jaioterrira itzuliko da. Eskertzeko garaia da, eta herri gisa eta kultura komunitate gisa eman digutenaren parte bat itzuli behar diegu” adierazi du alkateak.

Gorka Mirandak gaineratu du “ziur gaude kontzertu hau bertaratutako guztien memorian geldituko dela. Benetako festa intergenerazionala izango da, ez bakarrik Urtz gure ondare musikalaren ezinbesteko parte delako, baizik eta herri baten indarra ordezkatzen duelako, beti elkarrekin lan egin duelako kulturaren alde. Pasaiako Udalaren eta EITBren laguntzari esker, talde honen mailari dagokion omenaldia prestatu dugu. Proiektu honek Urtzen ondare aberatsa balioesten du, eta etorkizunean ere omenaldiak egiteko bidea irekitzen du, Pasaiaren nortasun kulturala indartzen jarraitzearren. Gainera, proiektu honetan parte hartzea sinbolikoa da guretzat. Izan ere, Xabier Camarero, Urtz taldeko liderra, Pasaiako Udal Musika Eskolako ikaslea izan zen bere garaian, eta horrek indartu egiten du guk dugun ideia bat, alegia: musika eskola batek pertsonak prestatzeaz gain, bere inguruan kultur transmisioa eta ekintza soziokulturala bideratzen dituela.
Xabierren ibilbideak ederki ilustratzen du printzipio hori: ulertu zuen musika ezin dela ikasgela bateko lau hormen artean itxita geratu, baizik eta komunitaterantz proiektatu behar dela, komunitatea aberastuz eta eraldatuz”.

Teo Alberrok eta Gorka Mirandak oroigarri bat eman diote taldeari (beraien disko guztiekin osatua) eta Xabier Camarerok hartu du hitza:”Bihotz bihotzez eskertzen dugu Pasaiako herriak eta Udalak egin diguten errekonozimendu hau. Taldea herri honetan sortu zen eta ohorea da herri honetan omenaldia jasotzea. Pasaia Lizeoan osatu zen taldea eta ikasmahai horretan marraztu genuen ibilbidearen zirriborroa. Momentu horretan ezin genuen imajinatu gure abestiak, ia 4 hamarkada ostean, tabernetan eta gure zaleen bihotzetan egongo zirenik.

Gaurko aitorpen hau, taldearen sorreratik izan ditudan bidelagun guztiei eskaini nahi diet. Kontzertua portuan egiteak ilusio handia sortzen dit, aitona arrantzalea nuen, amona saregilea... oso polita izango da haurtzaroan bizitako uneak berriz sentitzea”.

“Gaurko eguna aprobetxatu nahi dut eskuartean dugun hurrengo proiektua azaltzeko: urte bukaeran musika lan akustiko bat kaleratuko dugu eta Euskal Herriko antzokietan aurkeztuko dugu 2026. urtean. Gure jarraitzaileei omenaldi bat egin nahi diegu” amaitu du Camarerok.

Grabaketaren zertzelada batzuk eman dituzte Euskal Irrati Telebistako kideek “kontzertu berezi hau grabatzea funtsezkoa dela uste dugu. Teknikoki dena prestatua dugu eta irudi bikainak izango ditugu. Hainbat sorpresa ere izango dira”.

Aurkezpen ekitaldi honetan oroigarri bat eman die Teo Alberrok taldeko kideei eta Urtzek pare bat kanta abestu ditu zuzenean, akustikoan, gerturatutako ordezkari eta komunikabideen aurrean.

“Urriaren 4ko kontzertua ez da ohiko ikuskizun bat izango, baizik eta omenaldi bat eta berriz elkartzeko gau berezi bat. URTZek bere ibilbide osoaren errepasoa egingo du, hasieratik gaur arte, Pasaiako musika eta dantza eragile ezberdinen lankidetzarekin eta agertokian azalduko diren hainbat sorpresa lagun” azaldu du Kulturako zinegotziak.

Kontzertua osorik grabatuko du EITBk eta “Oholtzan” izena duen saioan emango du aurrerago. Saio horren ordezkarien ustez “Euskal Telebistak badu  euskal musikaren esparruan esanguratsuak izan diren,  eta izatez  jarraitzen duten musika taldeen ondarea berreskuratzeko, ezagutarazteko eta bultzatzeko xedea. Hori da URTZ TALDEAren kasua. Grabaketa berezia izango da, eta telebista publikoak bere baliabideak jarriko ditu horretarako, kamerak eta argiztapen berezia, besteak beste. 
Urteetan euskaldun askoren bizitzaren parte izan diren doinuak eta kantak berriro entzutea  eta grabaketa batean jasotzea hunkigarria da, eta, gainera, gero jendeak telebistan ikusteko aukera izango du. Euskal Herriari erakutsiko diogu URTZ taldearen musikak  bizirik jarraitzen duela eta etorkizun oparoa duen taldea dela”.

Gainera, hitzorduak osagai sinboliko oso berezia du Pasaiarentzat eta pasaitarrentzat: URTZen lehen kontzertua Pasai Antxoko gaztetxean izan zen 1990an, eta, era berean, hasierako etapa horretako saio aipagarrienetako bat Pasai San Pedroko jaietan izan zen, orduan ere ibilbidea hasi berria zuen Su Ta Gar taldearekin batera. “Ordutik hamarkadak igaro badira ere, zale eta melomano askok oraindik ere data horiek gogoan dituzte. Azken kontzertua Pasaian, 2016ko Trintxerpeko jaietan egin zuten. Beraz, argia da Urtzek barruti guztiekin izan duen harreman iraunkorra” amaitu du Brionek.

 

Urtz Pasaian