Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/07
URTZek kontzertu berezi eta zirraragarria eskaini zuen Pasaian
Taldekide izandako gehienak izan ziren bertan, eta aitortza egin zitzaien

Urriaren 4ko arratsaldea ez dute erraz ahaztuko URTZeko partaideek. Antxoko gaztetxean lehen kontzertua eman zuten musikariak bero jaso zituen Pasaiak berriro, ia lau hamarkada geroago. Eguraldi txarra iragarrita zegoenez, San Pedroko lonjako plazan egitekoa zen kontzertua Antxora aldatu zen, Ibaiondo frontoira. Eskerrak, iragarpenak bete-betean asmatu baitzuen.
Ateak ireki eta berehala bete zen frontoia, guztira, 539 pertsonentzako lekua zegoen. 19:30 pasata, taldeak Iragana hil baino lehen abestiarekin dantzan jarri zituen pasaitarrak. Jarraian, 18 abesti gehiago interpretatu zituzten, bere ibilbide musikal guztiari keinuak eginez.
Kontzertuak bi berezitasun zituen:
Alde batetik, ETB1ek grabatu zuen, "Oholtzan" saioan emateko. Aurrerago emango dute telebistan, eta plataforma digitalean ere jarriko dute eskuragarri. digitaletan.
Bestetik, Pasaiako zenbati eragilek hartu zuten parte kontzertuan, eta ekitaldiari indarra eman zioten. Proiektuaren koordinatzailea Gorka Miranda izan zen, eta moldaketak, zuzendaritza artistikoa eta musikala Josu Elberdinek egin du.
- Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasle batzuek hartu zuten parte: Musikariak: Iker Bilbao (biolina), Iñaki Alberro (txeloa), Iñaki Zudaire (saxoa), Jose Juan Zubillaga (eskusoinua), Hector Diaz (perkusioa), Aimar Etxaide eta Josu Elberdin (teklatua). Abesbatza: Eider Urbistondo, Enara Alberdin, Eneritz Aizpurua, Larraitz Otamendi, Alma Bru, Iraide Urbistondo, Iria Fernandez, Nora Osma, Sara Ezkurra, Paula Peña.
- Iker Murillo Studio 24ko dantzariak ere bertan izan ziren: Aizpea Labaka, Mikel Esnaola, Haizea Elberdin, Aitor Gonzalez, Irati Gonzalez, Izaro Alcon, Danel Castillo. Koreografiak Vitali Safronkinek egin zituen.
Kontzertuko une berezietako bat Kaixo! abestiarekin iritsi zen. Kantu horrekin pasaitarren zenbait belaunaldi dantzan eta abesten ikustea benetan zirraragarria izan zen.
Ezusteko berezi bat ere izan zen: URTZeko kide izan diren partaide guztiak bildu baitziren. Denak igo ziren oholtzara: Xabier Camarero, Dani Vicente, Jorge Sanchez, Ander Hurtado de Saracho (gaur egungo kideak) eta Asier Arocena, Victor García Arguelles, Ritxi Barrenetxea eta Javi Estella (kide ohiak). Josu Ariztegi taldekideak ezin izan zuen etorri.
Teo Alberro alkateak eskerrak eman zizkien, eta oroigarria eman zien taldekideei beraien ibilbidea goraipatuz. Ondoren, Azken eguna abestiarekin amaiera eman zioten gauari.
Eskerrik asko eta laster arte, URTZ!







