Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/06/05
Uholde arriskuari aurrea hartzeko proiektu bat lantzen hasi da Pasaiako Udala
Herritarren partaidetza eskatu nahi da, informazio gehiago biltzeko.

Pasaiako Udala Azti eta Euskalmetekin batera, uholde arriskuari aurrea hartzeko proiektu bat lantzen hasi da.
Zehazki, itsas jatorriko uholdeen arriskuaren alerta-adierazle baten diseinuan lanean dihardute.
Proiektu hau Udalaren Klima eta Energia Planak aldaketa klimatikora egokitzeko aurreikusten dituen ekintzen artean kokatzen da.
Proiektuaren helburua da Pasaiarako egokituko den adierazle bat diseinatzea, horren arabera, itsas jatorriko uholdea aurreikusten denean herritarrak garaiz abisatu eta dagozkion autobabes neurriak hartu ahal izateko eta Udalaren partetik ere prebentzio neurriak hartzeko.
Proiektuaren lehenengo fasean orain arte izan diren itsas jatorriko uholdeen inguruko ahalik eta informazio gehiena eta zehatzena jasotzea da helburua.
Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “Udalaren esku dauden iturrietako informazio eta datu guztiak aztertu ditugu dagoeneko, baina informazioa ahalik eta gehien osatzeko, herritarren laguntza eskatu nahi dugu. Ziur gaude marea biziak eta uholde arriskuak egon direneko bideoak, argazkiak, eta abar badituztela bizilagunek eta, mesedez, bidaltzeko eskatu nahi diegu, horietatik ere informazio oso baliagarria lor dezakegulako”.
Informazioa bidaltzeko Whats App zenbaki bat jarri du Udalak eskuragarri ekainaren 23ra arte: telefonoa ondorengoa da: 943344224. Hemendik ere mezua bidali daiteke. Bideoak eta argazkiak ere emailez bidali daitezke, ingurumena@pasaia.net helbide elektronikora.
Datuak osatuta, horren azterketa sakona egingo dute Azti eta Euskalmeteko adituek eta, Pasaiako itsas-uholdeen monitorizazioa egin ondoren gure herriari egokitutako adierazle bat diseinatuko dute eta horren komunikazio protokoloa ere zehaztuko da.