Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/07/05
Pasaiako Udalak kale-garbiketako zerbitzua eskainiko du udako igandeetan
Uztailaren 7tik irailaren 29ra
Igande honetatik aurrera, Pasaiako bizilagunen eskaera historikoetariko bati erantzungo zaio: udaldian egunero kaleak garbitzeko zerbitzua eskaintzea. Baita igandeetan ere.
Jakina da Pasaiak bisitari ugari jasotzen dituela urte osoan zehar, batez ere udan. Hori dela-eta, bai Donibanen, bai San Pedroko behealdean jende asko biltzen denez, paperontziak eta udalerriko hondakin-irlak gehiegi betetzen dira.
Gobernuak martxan jarritako neurriari esker, udako hilabeteetan Udalak aparteko zerbitzu bat izango du igandeetan, udalerri osoko ardatz nagusietako paperontziak husteko eta edukiontzi-gune beteenak txukuntzeko.
Horixe zen Udal Gobernuak bere agintaldi-planean markatutako mugarrietako bat. Iraitz Pazos Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanetako zinegotziak azaldu ditu xehetasunak: «Udalarentzat garrantzitsua da gure herria ahalik eta garbien egotea, eta neurri honek erantzuna eman nahi dio bereziki udako igandeetan sortzen zen gabeziari». Horrez gain, arduradun politikoak honako hau azpimarratu nahi izan du: «Pasaia garbi mantentzea guztion erantzukizuna da, bai hemen bizi garenona, bai bisitatzen gaituztenena», eta gogorarazi du gehien garbitzen duena ez dela garbiena, gutxien zikintzen duena baizik.
Lau barrutietako alkateordeak ere pozik agertu dira neurriarekin, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete Zerbitzuen Saileko langileei egunero udalerriarekin duten konpromisoagatik.
Amaitzeko, Pazosek gogorarazi du garbiketa zerbitzua uztailaren 7an hasiko dela eta irailaren 29ra arte luzatuko dela igande guztietan. «Oraingoz, proba gisa ezarri dugu, eta irailean zerbitzuaren balorazioa egingo dugu, urte osoan zehar luzatu behar ote den erabakitzeko».