Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/07/14
Pasaiako Udalekuak aurrera doaz giro bikainean
342 haur bildu dira aurten eta Pasaiako 4 barrutietan gozatzen ari dira hilabete osoan

Udalekuak alderdi pedagogikotik berritzaileak dira, izan ere, gaikako ardatzetan oinarrituta garatzen dituzte jardurak. Aurtengo interesgunea euskal kultura da. “Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik!” izenburupean - sorginek akelarrean biltzeko esaten zuten esaldia - Euskal Herriko garai bateko biztanleen bizimodua, gaurdaino iritsi diren balioak, sinesmenak, kondairak, pertsonaiak, festak zein ohiturak ezagutzea du helburu.
Uztailean haurrak Euskal Herriko hainbat toki ezagutzen ari dira jolas, ipuin eta tailerren bitartez.
Jarduerak ez ezik, irteera eta txango ugari dira egitekoak. Dagoeneko igerilekura joan dira, 3 urteko haurrak izan ezik; Horiek badiari buelta eman diote txalupan. Aste honetan Aquariumera joango dira eta hurrengoan Hondarribiko hondartzara joatekoak dira.
Halaber, ur-jolasak, tailerrak eta bestelako jolasak egiten ari dira, hain zuzen ere, udalekuak aisialdiaz gozatzeko aukera paregabea dira. Era berean, euskaraz aritzeko eta sozializatzeko aukera ematen dute; betiere 51 begiraleren laguntza eta ikuskapenarekin.
Ongietorria Saharako haurrei
Oporrak Bakean egitasmoaren barruan Saharako zenbait haur iristen dira urtero herrira uda pasatzea. Aurten, 3 haur izango dira Pasaian eta datozen egunetan etortzea espero da. Haurrek ongietorri berezia egingo diete eta udalekuetan elkarrekin gozatuko dute.







