Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/06/12

Pandemiaren egoera berria dela-eta, Pasaian udalekuak egin ahal izango dira lehen hezkuntzako haurrentzat, baina ez haur hezkuntzako haurrentzat

Covid-19aren pandemiak sortutako egoera dela-eta, hasieran Udaleku Irekiak bertan behera geratu ziren, Eudelen gomendioari jarraikiz, bai Pasaian eta bai udalerri gehienetan eta foru aldundietan. Orain, Eusko Jaurlaritzak dekretu berri bat atera du, 2020ko ekainaren 7koa; Osasun Ministerioak ere agindu berriak eman ditu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berriak ezarri ditu. Horiek guztiak aintzat harturik, Pasaiako Udalak, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailaren bidez, eta antolaketa eta logistika arloetan ahalegin handia eginez, erabaki du egoera berriz aztertzea.

Kontuan izanik haurrentzako aisialdi hezitzaileko jarduerak antolatzeko garaian izan daitezkeen konplexutasun teknikoak, exijitzen den segurtasuna, osasun-arriskua, eta nahitaezko protokoloak betetzeko zailtasunak; egoera berrira egokitutako Udaleku Irekiak soilik aldez aurretik izena eman zuten Lehen Hezkuntzako haurrentzako egingo dira, hau da, 1. mailatik 5. mailara bitarteko haurrentzako.

Ezin izango dira egin Haur Hezkuntzako haurrekin, beraz, izena eman zutenei matrikularen zenbatekoa osorik itzuliko zaie.

Lehen izena eman zuten Lehen Hezkuntzako haurrei dagokienez, bere garaian udalekuak bertan behera utzi zirenetik egoera aldatu denez, familiei posta elektronikoz bidali diegu  formulario erraz bat betetzeko, eta adierazteko oraindik ere udalekuetan parte hartzeko interesa duten edo ez.

Hala bada, haur horiek automatikoki onartuko dira, eta udalekuak antolatzen dituen Urtxintxa eskola familiekin harremanetan jarriko da, xehetasun guztien berri emateko: sinatu beharreko legezko segurtasun-protokoloak, talde bakoitzak sartzeko eta irteteko izango dituen ordutegi mailakatuak... Hartara, haurrentzako eta familientzako segurtasuna bermatuko dugu.

Udalekuak udalerriaren barruan egingo dira, ezin da irteerarik egin beste udalerrietara; baina ludikoak izango dira, eta indar berezia jarriko da emozioen kudeaketan eta euskararen indartzean, modu atsegin eta jostagarrian.   

Aurrez izena eman zuten eta parte hartu nahi ez duten Lehen Hezkuntzako haurren familiei matrikularen zenbatekoa itzuliko zaie, formularioa bete ondoren.  

Denbora gutxi dugunez taldeak, lekuak programazioa eta beste antolatzeko, aipatutako formularioa berehala betetzeko eskatzen dizuegu, beranduenez ekainaren 15eko 12:00etarako. Ondoren eginez gero, ez da kontuan hartuko.