Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/06

Zabalik dago Udalekuetan izena emateko epea

Epea maiatzaren 5etik 16ra bitartekoa izango da eta 360 plaza eskainiko dira aurten

Urtero bezala, Pasaiako Udalak Udaleku Irekiak antolatuko ditu. Udalekuak Pasaian erroldatuta dauden edo herrian ikasten duten haurrei zuzenduak daude, baldin eta 2015. eta 2021. urte bitartean jaiotakoak badira (bi urteak barne), alegia, Haur Hezkuntzako 3 urteko gelatik Lehen Hezkuntzako 4. ikasturtera arte.

Aurtengo ekimena uztailaren 1etik 30era izango da, ordutegi honetan: 09:30etik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Uztailaren 25ean ez da zerbitzurik izango, jaieguna delako. Taldeak  10 eta 12 haur bitartekoak izango dira eta begirale bana izango dute. Uztailean zehar askotariko jarduerak egingo dituzte: tailerrak, jolasak, eskulanak, txangoak, irteerak igerilekura eta hondartzara...

Julen Rodriguez Aboy Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Saileko zinegotziak adierazi duenez, “iazko eskaera-kopuru handia ikusita, Gobernuak erabaki zuen plaza kopurua handitzea, eta aurten konpromiso hori berretsi dugu. 360 plaza eskainiko ditugu aurtengo udalekuetan, iaz baino 40 gehiago, ahalik eta haur gehienek udalekuetan parte hartu ahal izan dezaten”.

Matrikulazio-epeak maiatzaren 5etik 16ra bitarte iraungo du eta plaza kopurua gainditzen bada, zozketa egingo da. Zozketan lehentasuna izango dute Udaleku Irekietan plaza duten anai-arrebak dituzten haurrek, eta, bigarrenik, aurreko urtean Udaleku Irekietan parte hartu dutenek.  Rodriguezek azpimarratu duenez, “udaleku irekiak herriko familien zaintza- eta kontziliazio-beharrei erantzuteko tresna garrantzitsua dira, eta horregatik ari gara urtez urte eskaintza hobetzen”. Era berean, azaldu duenez, “aurten ordutegiak moldatu edota eskaintza osatzeko zaintza-aukera berriak eskaini ahal izatea aztertzeari ekin diogu, familien beharrei ahalik eta hobekien egokitu ahal izateko”.

Matrikula 79,50 eurokoa da eta ordainketa egiteko datuak eta xehetasunak udal webgunean kontsulta daitezke. “Familia-errentaren arabera hobariak eskainiko dira aurten ere”, amaitu du zinegotziak.

Izena ematerakoan matrikula orriarekin batera, ordainagiria eta haurraren osasun txartelaren kopia aurkeztu behar dira. Haur Hezkuntzako umeei dagokienez, nortasun agiriaren edo familia-liburuaren kopia aurkeztu behar dute.

Maiatzaren 5etik aurrera izen-emateak Udalaren online tramiteen webgunean edo HAZeko bulegoetan egin ahalko dira.