Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/05/30

Udaleku irekietarako plazen eskaintza zabalduko da, eskaera egin duten haur guztiak bertan sartzeko

Lehen zozketan lekurik gabe geratu ziren haur guztiei plaza esleitzea erabaki du gobernuak.

Maiatzaren 20an Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak zozketa egin zuen, Pasaiako Udaleku irekietarako plazak esleitzeko. Aurten sekula baino eskaera gehiago jaso ditu udalak, eta eskainitako plaza kopurua (320) ez da aski izan eskaera guztiei erantzuteko.

Hori horrela, eta Udal gobernuaren iritzian, esleipenik gabe gelditu ziren haurren kopurua “handia” zenez, plazarik eskuratu ez zuten haur guztiak barne hartzea erabaki da. Julen Rodriguez Aboy Pasaiako Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Saileko zinegotziak erabakiaren berri eman du: “Eskaini dugun plaza kopurua ez da aldatu azken urteotan; betiko eskema berbera mantendu da. Aurten, ordea, udalak inoiz baino eskaera gehiago jaso ditu, eta horrek pozten gaitu, eskaintza ona dela esan nahi baitu”.

"Nolanahi ere", gaineratu du Rodriguezek, "zozketan plazarik gabe geratu ziren haurren kopurua altua izan zenez, eta Pasaiako familien beharrak kontuan hartuta, eskatzaile guztiak eskaintzan sartzea erabaki dugu".

Arduradun politikoak nabarmendu du plazak handitzeko neurria “herriko familien zaintza- eta kontziliazio-beharrei erantzuteko erabaki baten emaitza” izan dela. Horrekin bat, ziurtatu du datorren urteko udalekuei begira “gogoeta bat” hasiko duela Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak, “Pasaiako familien beharrei ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko”.