Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/07/21
Udaleku irekiak gurutzaldi abiaduran
Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak antolatutako Udalekuetan aurten ia 300 haur bildu dira, eta guztiak ari dira antolatutako jardueretan gozatzen udalerriko lau barrutietan hilabete osoan.
Udalekuak alderdi pedagogikotik berritzaileak dira, izan ere gaikako ardatzetan oinarrituta, jarduerak elkarrekin lotuz garatzen ari dira.
Aurten, uztaileko interesgune nagusia IKUSI MAKUSI… ZER IKUSI?. Interesgune bakarra egongo bada ere, adin tartera egokitu da: bata txiki eta ertainentzat, eta bestea handienentzat. Biak gai bera lantzen ari dira, eta helburu berdinak dituzte, baina gaia lantzeko “bidea” desberdina da.
Interesgunearen bidez, helburua ingurunearen kontzientzia (nolakoa da eta zerk inguratzen gaitu) eta ingurunea nola aldatzen den aztertzea izango da. Haur guztiek dute inguru bat, eta bertan kokatzeko adinaren araberako lanketa desberdina egin behar izaten da: beraiek inguruan eragiten baitute, baina inguruak ere beraiengan eragiten du. Hori dela eta, aurtengo uztailean “ingurua” hitzaren zentzu zabalenean arituko gara: ingurua etxeek, kaleek, eskolek, zelaiek, zuhaitzek, mendiek, … osatzen dute, baina familiek, lagunek, bizilagunek, parkeko pertsonek, … ere.
Astelehenero gutun batekin egingo dugu topo. Eta norena da ba gutun hau? Gure artean “mozorrotuta” dagoen txorimalo batena. Hezitzaileek gure haur eta gazteei ikerketa bat proposatuko diete, txorimaloa beraietako zein den asmatzeko, azken egunean erantzuna esango zaielarik. Hau dela eta, udaleku osoan zehar, hezitzaile bakoitzak rol edo paper bat bete beharko du, haur eta gazteen jakinmina mantentzeko.
Xorimaloak egiteko kalabazak erabili izan dira batzuetan. Kalabaza jangarriaren izen zientifikoa cucurbita pepo da; beraz, gure txorimaloak Kukurbita izena hartuko du. Beren ustea ere astetik astera aldatzen joango da, baina azkeneko astean Kukurbita zein den deskubrituko dute, eta festa handi batekin bukatuko dute.
Honekin batera, aurreko urteetako ardatza jarraituz, hitza eta erabakia haurrei eskaintzen ahalegintzen ari dira, hau da, beraien parte-hartzea sustatuz beraien udalekuak izango direnak sortzen.
Horretaz gain, Udalekuetan parte hartuko duten talde guztietan sentimenduen txokoak sortu dituzte eta egunero txoko horietara bisita egiten dute, goiza hasteko eta goiza amaitzeko unean.
Jarduerak ez ezik, irteera eta txangoak egiten ari dira, hondartzara, igerilekura, txalupan,...