Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2023/04/27

Zabalik dago udaleku irekietan izen-emateko epea

Maiatzaren 2tik 16ra bitarte

Pasaiako Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak aurten berriz Udaleku Irekiak antolatu ditu. Udalekuen bitartez, haurrek udan gozatzeko aukera izango dute, eta bide batez, ikastetxeetan urtean zehar bereganaturiko euskara erabiltzeko gune egokia izango dute.

Udalekuak dira Pasaian erroldatuak dauden haurrentzat edo Pasaian ikasten duten haurrentzat, baldin eta 2013. eta 2019. urte bitartean jaiotakoak badira (bi urteak barne), alegia, Haur Hezkuntzako 3 urteko gelatik Lehen Hezkuntzako 4. ikasturtera arte, biak barne. 

Uztailaren 3tik 28ra izango dira, eta ordutegia hau izango da: 9:30etik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Uztailaren 24an eta 25ean ez da udalekurik izango. Taldeak  10 eta 12 haur bitartekoak izango dira, eta begirale bana izango dute. Jarduera ezberdin asko egingo dituzte: tailerrak, jolasak, eskulanak, txangoak, igerilekura eta hondartzara irteerak, eta beste hainbat, adinaren arabera. 

Matrikulazio-epeak maiatzaren 2tik 16a bitarte iraungo du. Plaza-kopurua mugatua da, 320 guztira; eta kopuru hori gaindituz gero, zozketa egingo da. Matrikula 79,50 eurokoa da eta ordainketa haurraren izenean egin beharko da kontu korronte honetan: Kutxabank  ES55-2095-5400-02-1061652334. Familia-errentaren arabera hobariak daude.

Epe hori errespetatzeko eskatzen dugu; ez da epez kanpo matrikularik onartuko, Udaleku Irekien antolaketa egokia izan dadin.

Izena ematerakoan, matrikula orriarekin batera, ordainagiria eta haurraren osasun txartelaren kopia aurkeztu behar dira. Haur Hezkuntzako umeei dagokienez, nortasun agiriaren edo familia-liburuaren kopia aurkeztu behar dute.

Inskripzioa zuzenean egin daiteke udalaren izapideak Online Atarian edo HAZeko bulegoen bitartez.

Informazio gehiago hemen.