Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/04/15
Pasaiako haurren udaleku irekietan izena emateko epea. INFORMAZIO BERRIA!
Apirilaren 19tik maiatzaren 12ra arte
Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak Udaleku Irekiak antolatuko ditu. Udalekuen bitartez, haurrek udan gozatzeko aukera izango dute, eta bide batez, ikastetxeetan urtean zehar bereganaturiko euskara erabiltzeko gune egokia izango dute.
Udaleku Irekiak, aurtengo edizioan, horiek arautzen dituen Eusko Jaurlaritzaren azken dekretura egokitu dira, eta unean uneko Covid-19aren egoeraren eta osasun-agintarien jarraibideen arabera, aldatu egin daitezke, eta, hala badagokio, bertan behera gera daitezke; kasu horretan, matrikularen zenbatekoa itzuliko litzateke.
Udalekuak Pasaian erroldatuta dauden eta/edo 2011 eta 2016 artean (biak barne) jaiotako Pasaiako ikastetxeetan ikasten duten haurrei zuzenduta daude – hau da, Haur Hezkuntzako 4 urteko gelatik Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte (biak barne) ikasten duten haurrei –.
Uztailaren 1etik 30era izango dira, eta ordutegia hau izango da: 9:30etik 13:00etara, astelehenetik ostiralera. Hainbat jarduera ludiko egingo dute. Hurrengo asteetan zehaztuko dira, egoera soziosanitarioaren bilakaera kontuan hartuta. Hasiera batean, denbora gehiena aire zabalean egotea eta, ahal izanez gero, irteera batzuk egitea izango da helburua.
Hasiera batean, 6 haurreko taldeak osatuko dira, eta derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea.
Plazak mugatuak dira: 210. Izen-emate kopurua handiagoa bada, zozketa egingo da.
Egoera oso aldakorra gertatzen ari denez, eta ratioak alda daitezkeenez, baliteke zozketa beharrezkoa ez izatea, eta horregatik, maiatzaren bukaerara arte itxarongo dugu zozketa beharrezkoa den ala ez ikusteko. Beharrezkoa izanez gero, zozketa ekainaren 1ean egingo genuke.
Izen-ematea egingo duten familiei ekainaren hasieran abisatuko die Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak, matrikulak onartuak izan diren ala ez. Beraz, jakinarazpen hori jaso arte familiei itxaroteko eskatzen dizuegu, eta, arren, ez Sailera ez HAZeko bulegoetara ez jotzeko hori baino lehen. Izan ere, udaleku irekien antolaketa eta epeak oso konplexuak dira, eta epeak errespetatzea ezinbestekoa da, dena behar bezala kudeatzeko.
Hileko kuota 79,50 €-koa da. Hobariak izango dira, familiaren errentaren baitan. Horretarako HAZeko bulegoetan aldez aurretik kontsultatu behar da. Ordainketa haurraren izenean egingo da kontu korronte honetan: Kutxabank ES55-2095-5400-02-1061652334.
Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak Udaleku Irekietan izena emateko eta informazioa lortzeko sistema bikoitza diseinatu du:
- Donibaneko, Antxoko eta Trintxerpeko HAZ bulegoetan (Herritarren Arreta Zerbitzua). Horretarako, hitzordua eskatu beharko dute 943-344034 telefono-zenbakira deituz.
- Elektronikoki, www.pasaia.eus/udalekuak2021 helbidean. Horretarako, ziurtagiri digitala behar da. Ziurtagiri digitala B@kQ HAZ bulegoetan eskura daiteke, aurrez hitzordua eskatuta (943-344034).
Informazio orria eta Udaleku Irekietan izena emateko orria Pasaiako ikastetxeetan banatu da, HAZeko bulegoetan dago eskuragarri eta Udalaren webgunean ere deskarga daiteke.
Aurten matrikulazio-epea apirilaren 19tik maiatzaren 12ra bitartekoa izango da, eta epe hori zorrotz errespetatu beharko da; epea pasata ez da izen-ematerik onartuko, ordainketa lehenago egin arren; izan ere, udaleku irekien antolaketa eta epeak oso konplexuak dira, eta epeak errespetatzea ezinbestekoa da, dena behar bezala kudeatzeko.
Izena ematerakoan, matrikula orriarekin batera, ordainagiria eta haurraren osasun txartelaren kopia aurkeztu behar dira. Haur Hezkuntzako umeei dagokienez, nortasun-agiriaren fotokopia, halakorik badu, edo hura agertzen den Familia Liburuaren orriaren kopia.
Zalantzarik izanez gero, HAZera deitu dezakezue: 943-344034.
Eskuorrikoa