Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/09/13

Udal Euskaltegian, matrikula zabalik

Irailaren 20ra arte

Aurreko urteetan bezala, Pasaiako Udal Euskaltegian irailaren lehen egunetik 20ra arte, matrikulazio epea zabalik dago euskarara hurbildu edo beren maila hobetu nahi duten guztientzat. Aurtengo kanpainaren leloa EUSKARAZ HARTU HITZA da.

Zentroak A1 eta C1 bitarteko mailak eskaintzen dizkie 16 urtetik gorakoei, askotariko talde eta ordutegietan (goizeko 07:00etatik iluntzeko 21:00etara), interesa duten guztiek gehien komeni zaien ordutegia aukera dezaten. Txandaka lan egiten dutenek ere euskaltegira goizez edo arratsaldez (txandaren arabera) joateko aukera dute.

Talde gehienak egunean bi ordukoak dira, baina beste aukera batzuk ere badaude 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzat (ikastetxean bertan), merkatarientzat, erretiratuentzat edo ahozko praktika landu nahi duten guztientzat (mintza praktika taldea). Era berean, DOAKO ikastaro TRINKOAK eskaintzen dira langabezian dauden pasaitarrentzat (edo DBE edo gizarte-laguntzaren bat jasotzen dutenentzat) eta goiz osoa euskara ikasteko tartea dutenentzat.

Ordutegi-arazoak direla eta, eskoletara egunero joaterik ez dutenentzat, bakoitzaren beharrei eta erritmoari erantzuten dion AUTOIKASKUNTZA sistema ere badago. Autoikaskuntzan lana bakarka egiten da, tutore batek gidatuta. Hamabostean behin tutoretza-saioak izaten dira egindako lanak zuzentzeko eta zalantzak nahiz zailtasunak argitzeko. mintzamena modu presentzialean lantzen da astean ordubetez euskaltegian.

Eskaintza guztiak egokituta daude euskara ikasten hasi, ziurtagiriren bat egiaztatu (HABE, IRALE, IVAP...) edo maila hobetu nahi duten ikasleek horretarako aukera izan dezaten. Ia lau hamarkada daramatza Udal Euskaltegiak euskararen irakaskuntzan, eta bertan aritutako ikasleak dira arrakastaren adierazlerik nagusienak.

Klaseen osagarri, barne nahiz kanpo ekintzak ere antolatzen dira (tailerrak, solasaldiak, bisitak, txangoak, mintzalaguna...), ikasleak motibatzeko eta hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezaten.

Pasaiako Udalak dirulaguntza batzuk eskaintzen dizkie pasaitarrei ikasturte hasieran zein amaieran. Lanik ez duten pertsonek, ikasleek, 16-30 urte bitarteko gazteek eta hasierako mailetan matrikulatzen direnek (A0A0/A1A0) matrikularen % 20 soilik ordainduko dute baldintza batzuk betetzen badituzte; gainerako % 80a Udalak aurreratuko die eta ikasleak eskatutako asistentzia betetzen badu, ikastaroa amaitzean % 20 hori ere itzuliko zaio. Gainerako pasaitarrei, ikastaroa amaitu ondoren, ordaindu dutenaren % 75 itzuliko zaie, baldin eta ikastaroa amaitzen badute eta % 85eko asistentzia izan badute. Urtero bezala, 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoek tarifa murriztua izango dute, eta horiei ere matrikularen % 100 itzuliko zaie beharrezko baldintzak betetzen badituzte.

Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero, Euskadi Etorbidea 61 euskaltegira (anbulatorioaren ondoan) gerturatzeko aukera dute herritarrek,  08:00etatik 19:00etara, edo 943004340 telefonora deitu nahiz euskal@pasaia.net helbidera idatzita.

Laura Ré Euskara zinegotzia, Kontsuelo Gorostidi Udal Euskaltegiko arduraduna eta Ane Olkotz idazkari akademikoa.
Laura Ré Euskara zinegotzia, Kontsuelo Gorostidi Udal Euskaltegiko arduraduna eta Ane Olkotz idazkari akademikoa