Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/09/09
Pasaiako Udal Euskaltegian izena eman! Ordutegi zabalak eta prezio merkeak
Epea irailaren 19an amaituko da
Aurreko urteetan bezala, Pasaiako Udal Euskaltegian irailaren lehen egunetik 19ra arte, matrikulazio epea zabalik dago euskarara hurbildu edo beren maila hobetu nahi duten guztientzat. Aurtengo kanpainaren leloa “EUSKARA ERRITMO BIZIAN” da.
Zentroak A1 eta C1 bitarteko mailak eskaintzen dizkie 16 urtetik gorakoei, askotariko talde eta ordutegietan (goizeko 7:00etatik iluntzeko 21:00etara), interesa duten guztiek gehien komeni zaien ordutegia aukera dezaten. Txandaka lan egiten dutenek ere euskaltegira goizez edo arratsaldez (txandaren arabera) joateko aukera dute.
Talde gehienak egunean bi ordukoak dira, baina beste aukera batzuk ere badira 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten familientzat (ikastetxean bertan), merkatarientzat, erretiratuentzat, edo ahozko praktika landu nahi duten guztientzat (mintza praktika taldea). Era berean, DOAKO IKASTARO TRINKOAK eskaintzen dituzte langabezian daudenentzat (edo DBE edo gizarte-laguntzaren bat jasotzen dutenentzat) eta goiz osoa euskara ikasteko dutenentzat.
Ordutegi-arazoak direla eta, eskoletara egunero joaterik ez dutenentzat, bakoitzaren beharrei eta erritmoari erantzuten dion AUTOIKASKUNTZA sistema ere badute. Autoikaskuntzan lana bakarka egiten da, tutore batek gidatuta. Hamabostean behin tutoretza-saioak izaten dira egindako lanak zuzentzeko eta zalantzak nahiz zailtasunak argitzeko. Mintzamena modu presentzialean lantzen da astean ordubetez euskaltegian.
Eskaintza guztiak egokituta daude euskara ikasten hasi, ziurtagiriren bat egiaztatu (HABE, IRALE, IVAP...) edo maila hobetu nahi duten ikasleek horretarako aukera izan dezaten. Ia lau hamarkada daramatza euskaltegiak euskararen irakaskuntzan, eta bertan aritutako ikasleak dira arrakastaren adierazlerik nagusienak.
Klaseen osagarri, barne nahiz kanpo ekintzak ere antolatzen dituzte (tailerrak, solasaldiak, bisitak, txangoak, mintzalaguna...), ikasleak motibatzeko, eta hizkuntza praktikatzeko aukera izan dezaten.
Pasaiako Udal Euskaltegiak prezio publiko merkeak ditu, batez ere langabezian daudenentzat, 16-30 urte bitarteko gazteentzat eta hasierako mailetan matrikulatzen diren ikasleentzat (A0A0 eta A2A1 bitartean). Ikastaroa amaitu, euskaltegiko ebaluazio probak egin eta % 85eko asistentzia duten pasaiatarrek ordaindutakoaren % 100 berreskuratuko dute. Aurten ere, 12 urtetik beherako seme-alabak dituzten gurasoek tarifa murriztua izango dute eta urtero bezala matrikularen %100 itzuliko zaie, baldin eta beharrezko baldintzak betetzen badituzte.
Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi izanez gero, Euskadi Etorbidea 61 euskaltegira (anbulatorioaren ondoan) joan zaitezke, goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara, edo 943004340 telefonora deitu nahiz euskal@pasaia.net helbidera idatz dezakezu.








