Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/11/22
Lehen hezkuntzako ikasleentzako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak 30 urte bete ditu
Azaroaren 25etik 29ra Juanba Berasategi aretoan. Frantzia, Italia, Murtzia eta Malagatik etorriko dira konpainiak
Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak, Tolosako Ekinbide Etxearen laguntzarekin, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia antolatzen du urtero. Oraingoan, erreferente bilakatu den jaialdiaren 30. urteurrena ospatuko da.
Azaroaren 25etik 29ra, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 5 txotxongilo emanaldi izango dira. Goizez izango dira saioak, eta egunero ikuskizun ezberdinak izango dira.
Aste osoan udalerriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 2., 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak joango dira. Guztira ia 700 haurrek parte hartuko dute.
“Dagoeneko 30 urtez jarraian antolatu dugu jaialdia. Jaialdi honi esker, Pasaiako ia 700 haurrek maila handiko nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera dute. Aurtengoan Frantzia, Italia, Murtzia eta Malagatik etorritako konpainiak izango ditugu gurean” adierazi du Julen Rodríguez, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen zinegotziak.
“Haur eta nerabeek beraientzat funtsezkoak diren gaiei buruzko ikuskizunekin gozatzen dute urtero: teknologia, etorkizuna, gezurrak... Funtsezkoa iruditzen zaigu haur eta nerabeek teknologia berriak alde batera utzi eta entretenimendua modu tradizional batean gozatzeko aukera izatea, oraingoan eskuz eginiko txotxongiloekin eta artearekin” gaineratu du Rodríguezek.
Hala, egitaraua honako hau izango da:
Azaroaren 25a astelehena
Frantziatik helduko da Pasaiara “L'Ainea” konpainia hitzik gabeko istorio laburren ikuskizunarekin.
Txotxongiloentzako istorio laburrak dira, kontrabaxu eta baxuaren zuzeneko musikarekin.
Poltsa handiko otsoa
Bitxiki antzekoak diren hiru txotxongilok poltsa jatun batekin egin dute topo. Otso ankerraren mitoaren moldaketa berria eskuko txotxongilo, poltsa eta makilarako.
Sisifo txikia
Nahiko apetatsua den txotxongilo batek eusten duen eskua deskubritu, eta aurre egingo dio.
Txotxongiloaren lehen agerkunde bat, esku hutsaren adierazkortasuna esploratzeko. “Besteei egiten diedana neure buruari egiten diot” nozioaren alegoria.
Edipo
Titulu-kabinaren mugetatik ihes egiteko ahaleginean, titulu batek txotxongilolaria bere gordelekutik atera du. Gaizki tratatuko du, askatasuna lortzeko.
Azaroaren 26a asteartea
Italiako “Di Filippo” konpainiak Caperucita roja aurkeztuko du.
Bertsio guztietan, Txanogorritxu bere amaren umetokiaren esfera babesletik aldendu eta bakarrik aurkitzen da basoan. Misterio, lilura, tentazio eta transgresioz beteriko leku bat. Dantza, txotxongiloak eta musika originala dira istorioa kontatzeko erabiliko diren erreminta delikatuak.
Azaroaren 27a asteazkena
Italiako “Di Filippo” konpainiak Variations ikuskizuna eskainiko digu.
Ikuskizuneko protagonista Proto da, aukera izugarriak dituen txotxongilo bat. Protok badaki harietara lotua dagoela eta bizirik mantentzen duten bi ‘figura’ dituela jakitun da. Bere bizitasunari esker, ironiaz eta poesiaz landuko ditugu teknologia, hauskortasuna eta egiatan garenaren kontzientzia bezalako gaurkotasun handiko gaiak.
Azaroaren 28a osteguna
Murtziako “La Tendía” antzerki konpainiak La isla de las cosas perdidas ikuskizuna aurkeztuko du.
La isla de las cosas perdidas ikuskizunean espartzuz eginiko txotxongiloak erabiltzen dira. Memoriaz eta bere desagerpenaz, itsasoaz eta hondoratzeez, iraganaz eta etorkizunaz hitz egiten digu lan honek.
Azaroaren 29a ostirala
Malagako “Ángeles de trapo” antzerki konpainiak emango dio amaiera jaialdiari Error 404 ikuskizunarekin.
Error 404 haur eta gazteei zuzenduriko hitzik gabeko ikuskizuna da. Ikusleak geroz eta ohituago daude teknologia berrietara, Steve gure pertsonaia nagusia bezalaxe: bizitza sinple eta ohikoa duen gaztea, geroz eta murgilduago dago teknologia-gailuz beteriko mundu batean.