Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/27
Irailaren 28an, larunbata, ekingo zaio ohiko jardunari Trintxerpeko futbol zelai berrituan
Kautxurik gabeko belarra ezarri da, mikroplastikoak ekiditeko. Horrez gain, zelaiko ateak eta aldagelak ere berritu dira.
Trintxerpeko Andonaegiko futbol zelaiko belarra berritu du Pasaiako Udalak, eta larunbatean berrekingo zaio lehiari bertan. Lan horiekin batera, futbol-ate berriak erosi, aldagelak margotu eta instalazioetako sabaiak garbitu dira, eta aurki sare perimetral berria ezarriko du udalak.
Zelai berritura bisita egin dute Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateorde eta Zerbitzu, Sare eta Mantentze-lanetako zinegotziak, Julen Rodriguez Kirol zinegotziak, Trintxerpe Kirol Elkarteko Eduardo Gonzalezek, Indarbizi 17 Futbol Klubeko Mari Luz Bermudezek, eta Sanpedrotarra Futbol Elkarteko Alex Jacobek.
Eraberritzeak euren jarduera bertan garatzen duten kirol kluben “aspaldiko eskaerari” erantzun diola ziurtatu du Kirol zinegotziak. “Belarra zegoen moduan ezin genuen bermatu futbolarien jardun segurua. Ezinbestekoa zen azpiko belar zaharra kendu eta berria ipintzea”, adierazi du Rodriguezek.
“Belar berriarekin jasangarritasunaren aldeko urratsa ere eman dugu”, adierazi du Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotzi Iraitz Pazosek, “kautxurik gabeko aukeraren alde egin baitugu, eta hala, hondakin mikroplastikoak sortzea ekidingo dugulako”. Horren ordez, kortxoa edukiko du futbol zelai berriak, 2023/2055 EB Erregelamendu berriari aurrea hartuz, zeinak debekatu egiten duen mikroplastikoak fabrikatzea eta merkaturatzea; izan ere, araudi berri horren arabera, 2031rako belar artifizialeko kirol-zelai guztiek kautxuzko mikropartikulak ordeztu beharko dituzte.
Udalarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik epeak apur bat luzatu diren arren, emaitza “bikaina” izan dela adierazi du barrutiko alkateordeak, “eta pozgarria da hori pasaitarrontzat eta, bereziki, trintxerpetarrontzat”. Kirol taldeetako ordezkariak “asebeteta” ikusi ditu Rodriguezek belar berriarekin, baina aitortu du oraindik inbertsio gehiago egin behar dituela Kirol Sailak instalazioak egoera “ezin hobean” egon daitezen.
Obra gauzatzearekin batera, zelaiko ekipamendua hobetu eta osatzeko beste zenbait lan ere gauzatu dira. Hala nola, futbolerako ate berriak instalatu dira, aldagelak margotu, ureztatze-sistema konpondu, eta instalazioetako sabaiak garbitu dira. Horrez gain, Kirol zinegotziak ziurtatu du sare perimetral berria ezarriko dutela aurki zelaian, baloiek bertatik ihes egin ez dezaten.
Aipaturiko lanekin, FIFAk 2. B mailara arteko lehiaketetarako ezarritako baldintzak betetzen dituen belarra jarri du Pasaiako Udalak. Hala, futbol 7rako (zeharkako bi zelai) eta futbol 11rako (zelai osoa) markak margotu dira, eta horrek lurzorua hobeto aprobetxatzeko aukera eskainiko du.
Lanek, orotara, 290.104 euroko aurrekontua izan dute. Horietatik 131.412 Gipuzkoako Foru Aldundiko funtsetatik jaso ditu udalak.
Instalazio garbiak eta kerik gabekoak
Amaitzeko, Pazosek “laguntza” eskatu die bizilagunei instalazioak garbi mantentzeko: “Funtsezkoa da denok edukiontziak erabiltzea. Gainera, ez dugu ahaztu behar Eusko Jaurlaritzaren legeak erabat debekatzen duela tabakoa edo nikotina aska dezaketen bestelako gailuak erabiltzea kirol instalazioetan”.