Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/04/04
Haur eta nerabeen osasun mentala eta guraso eta seme-alaben komunikazioa hobetzeko hitzaldiak
Treba Gurasoak programa barruan antolatu diren hitzaldiak maiatzaren 8an eta azaroaren 5ean izango dira

Pasaiako Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen Sailak TREBA Gurasoak programan hartzen du parte. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren prestakuntza-ekimena da, eta gurasoak hezkuntza-gaitasunetan trebatuz, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzea du helburu.
“Haur eta nerabeen heziketa-prozesuan, gurasoek askotan behar dugu momenturen batean laguntza”, adierazi du Julen Rodriguezek, Haur, Nerabe eta Gazteen sustapen saileko zinegotziak. “Laguntza edo sostengu horrek helburu prebentiboa izan behar du, eta familiako kide guztien garapena sustatu”.
Gurasoei laguntza hori eskaintzeko asmoz, Pasaiako Udalak bat egin du gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogiko honekin. Programa honen bitartez, gurasoei haurren eta nerabeen heziketa-prozesuan lagunduko dieten gaiei buruzko hiru hitzaldi eta tailer antolatuko dira herrian:
- “Komunikazioa familian: guraso eta seme-alaben arteko harremanak eta komunikazioa hobetzen”. Maiatzaren 8an, osteguna, 17:30ean, Pasai Donibaneko Kulturgunean (erabilera anitzeko gelan). Euskaraz.
- “Osasun mentala eta nerabeak”. Azaroaren 5ean, asteazkena, 17:30ean, Trintxerpeko Alkateordetzan. Elebitan.
- “Arauak eta mugak. Nola ezarri era asertibo batean”. Hitzaldi hau udazkenean egitea aurreikusita dago, data aurrerago zehaztuko delarik.
Lehenengo hitzaldirako izen-ematea gazteria@pasaia.net helbideren bitartez egin behar da apirilaren 7tik aurrera hitzaldiaren data baino 3 egun lehenago arte, hau da, maiatzaren 5a izango da lehen hitzaldian izena emateko azken eguna.






