Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/02/26

Ekonomia zirkular eta trantsizio ekologikorako bide-orri berria du Pasaiak

Hondakinen prebentzioa eta bilketa indartzea helburu duen plana onartu du plenoak

Pasaiako Udalak 2025eko otsailaren 25eko udalbatzarrean onartu du ‘Pasaian hiri-hondakinen prebentzioa eta gaikako bilketa indartuz ekonomia zirkularra sustatzeko plana’, EH Bildu eta Podemosen aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioekin. Plan horren bidez, Pasaiak hondakinen kudeaketa eredu iraunkor eta eraginkor baterantz egingo du aurrera.

Europako Hondakinen Zuzentarau Markoak eta Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 7/2022 Legeak ezarritakoaren arabera, udal-hondakinen birziklapen-tasak % 55era iritsi behar du 2025ean, % 60ra 2030ean eta % 65era 2035ean. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2019-2030 Plan Orokorrak (GHHKPO), gainera, are helburu ausartagoa ezarri du: % 70eko birziklatze-tasa lortzea 2030erako.

Gaur egun, Pasaiako hiri-hondakinen gaikako bilketa % 48koa da, eta Udalak jauzi bat ematea beharrezkotzat jo du. “Birziklatzea ez da aukera bat, beharra baizik. Natur baliabideen gehiegizko ustiaketa eta klima aldaketa gure garaiko erronka handien artean daude, eta ezinbestekoa da udal mailan horiekiko konpromisoz ekitea”, adierazi du Pasaiako alkate Teo Alberro Bilbaok.

Neurri berriak eta garapen-faseak

Horretarako, Pasaiako Udalak hainbat neurri abian jarriko ditu 2025ean, hiri-hondakinak modu eraginkorragoan biltzeko eta birziklatze-tasak igotzeko:

  • Edukiontzi marroien berrikuntza: 2025ean zehar, edukiontzi marroi guztiak berrituko dira, sendoagoak eta erabilerrazagoak izan daitezen.
  • Hiri-garbigune berriak: barrutietan guztietan hiri-garbigune finko bana egongo da martxan martxotik aurrera, herritarrek etxeko hondakin bereziak (olioa, arropa, elektrizitate-aparailuak...) erosoago bota ahal izateko.
  • Edukiontzi grisaren sarrailak: progresiboki, errefusaren edukiontziak giltza bidez irekitzeko sistema ezarriko da, hondakin-kudeaketa arduratsuagoa sustatzeko.

Edukiontzi grisen giltzen inplementazioa mailakatua izango da. Legeak dio sortzen den hondakin kopuruaren araberako udal-tasak ezarri behar direla, eta sistema honi esker lortu ahalko ditugu datuok”, azaldu du Iraitz Pazos Lapido Ingurumeneko eta Zerbitzuetako zinegotziak. “Hondakinen tasak autosufizientea izan behar du legez; alegia, hondakinen kudeaketa gastuak asetzeko bezainbestekoa izan behar du. Eta, jakina, zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta txikiagoa izango da gastu hori”.

Herritarren parte-hartzea, funtsezko tresna

Hain zuzen, planaren inguruko informazioa zabaldu eta herritarrei gerturatzeko, ‘Etorkizuna birziklatzen’ informazio-kanpaina aurkeztu eta abiatu zuen Udalak urte hasieran. 

Urtarriletik martxan dira ingurumen hezitzaileen etxez etxeko bisita informatiboak, eta asebete agertu da zinegotzi arduraduna orain arte egin direnekin: “Ingurumen-hezkuntzan espezializatutako langileak pasaitarrak informatzen ari dira birziklapen sistemaren berrikuntzez eta horren garrantziaz. Azken asteotan oso erantzun baikorrak jasotzen ari gara bai bizilagunen partetik eta baita hezitzaileen aldetik ere. Sinetsita gaude gure bizilagunek badakitela ingurumenaren zaintza lehentasunezko auzia dela”.

Hondakinen sailkapenean hobekuntza esanguratsuak egitea beharrezkoa da Pasaian; datuek hala berresten dute: 2024an, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Pasaian sortutako errefusaren karakterizazio bat egin zuen, eta, horren arabera, herritarrek edukiontzi grisera botatako hondakinen %74 birziklagarriak ziren. 2024an, ia 3.000 tona errefus sortu zen Pasaian, eta kudeaketa-gastua 625.000 eurokoa izan zen, 215 euro tona bakoitzeko. “Hondakinak behar bezala sailkatzeak eragin zuzena du gastu horretan. Birziklatze-tasak % 70a gaindituko balu, 350.000 euro aurreztuko genituzke, eta horrek herritarren tasetan ere eragina izango luke”, nabarmendu du Pazosek.

Datuak latzak dira, baina agerian uzten dute hobekuntzarako tarte handia dugula, eta uste duguna baino eskurago dugula etorkizun hobea”, mintzatu da baikor alkatea.

PASAIAN HIRI-HONDAKINEN PREBENTZIOA
ETA GAIKAKO BILKETA INDARTUZ EKONOMIA
ZIRKULARRA SUSTATZEKO PLANA