Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/06/20
Traineru estropadak, San Juan-Koxtape eta ARCk antolatuta, CMO Valves eta Pasaiako Udalaren babesarekin
Ekainaren 23an

Uda iristearekin batera arrauna bueltan da Pasaian. Urteroko hitzorduarekin bat eginez, ekainaren 23rako estropada jardunaldia antolatu dute San Juan-Koxtape arraun elkarteak eta KAEk. Antolatu diren 3 estropadek Pasaiako Udalaren eta CMO Valvesen babesa izango dute.
Julen Rodriguez Kirol zinegotziak aurkeztu du jardunaldia: “Aurten ere, badian, Pasaiako Ikurrinaz gozatzeko aukera izango dute pasaitarrek. Gure herrian erroturiko kirola da arrauna, eta urteroko hitzordu hau beti da berezia. Urtero legez, Donibane eta San Pedroko ertzak jendez betetzeko gonbidapena egin nahi diet bizilagunei”.
Herriko bi traineruk parte hartuko dute ARC1 eta ETE ligetan; eta nabarmentzekoa da BATELERAK ontzia txapelketara itzuliko dela, bi urteren ondoren.
Estropada guztiak erlojupekoak izango dira eta irteera eta helmuga Pasai Donibaneko santiago plazan izango dira.
Estropaden ordutegiak:
-11:00etan XXXIX Pasaiako Ikurrina (ARC2 Liga) 4 luze eta 3 ziaboga.
- Txanda bakar batean ondorengo taldeek parte hartuko dute: Lutxana, Santoña, Donostiarra, Castreña, Hibaika Arraun Elkartea, Astillero eta Busturialdea.
-11:30ean XI Pasaiako Ikurrina (emakumeen ETE Liga) 2 luze eta ziaboga bakarra.
- Txanda bakar batean ondorengo taldeek parte hartuko dute: San Juan CMO Valves, Hernani, Ondarroa, Zarautz Gesalaga Okelan, Astillero, Deusto-Bilbao, Zumaiako Telmo Deun AKE eta Kaki Nortegas.
-12:00etan III CMO Valves bandera (ARC1): 4 luze eta 3 ziaboga.
- Lehenengo txandan: Portugalete, Orio, Deusto – Bilbao, Hondarribia, Pedreña, Zarautz Gesalaga Okelan.
- Bigarren txandan: Camargo, Zumaiako Telmo Deun AKE, San Juan CMO Valves, Lapurdi Antton Bilbao, Itsasoko Ama.
Koxtape Arraun elkarteak adierazi duenez “Pasaian hainbeste edizioren antolakuntza ezinezkoa litzateke, Sanpredotarra, Illunbe eta Pasai Donibane Koxtape taldeek urte osoan zehar egiten dugun lan desinteresatuagatik izango ez balitz. Pasaiako Udalak ematen digun babesa ere eskertzekoa da”.
Amaitzeko, Donibaneko jarraitzaileak animatu nahi ditugu herriko traineruak bultza ditzaten estropadetan. Balkoietan arrosa koloreko oihalak jar ditzatela, eta jantzi ditzatela kamiseta arrosak, arraunlariek "Marea arroxa"ren babesa jaso dezaten.