Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/07/09

Bertakoentzako bi aparkaleku berri gaitu ditu Pasaiako Udalak Karmengo jaietarako

Uztailaren 9tik 14ra

Cirizako aparkalekuan feriak ezarriko direnez, Rodolfoko orube zaharrean eta Hospitalillon aparkatu ahalko dute bertakoek, alternatiba gisa.

Trintxerpeko Karmengo Amaren Jaiak uztailaren 12an hasi eta 16an bukatuko dira, biak barne. Hori horrela, eta jaiegunetan zehar kale nagusia den Euskadi etorbidea oinezkoentzako erreserbatuta egongo denez, ibilgailuen mugikortasuna eta aparkaleku aukerak errazteko zenbait neurri hartu ditu Pasaiako Udalak.

Euskadi Etorbidea ostegunetik, hilak 11, 8:00etatik aurrera moztuko da, eta beharren arabera ibilgailuz husten joango da. Egun horretan bertan, hilak 11, hutsik egon beharko du.

Jaiak bitartean, zamalanak bakarrik egin ahal izango dira goizeko lehen orduan, baldin eta ekitaldirik ez badago eta segurtasuna bermatuta badago.

Aldaketak San Pedro barrutiko ibilgailuentzako sarbideetan

Euskadi Etorbidea ixten den bitartean, zirkulazioa San Pedroko herrigunera desbideratuko da, Esnabide kaletik (Itsasgizonen igoera) aterata, Gran Sol kaletik jarraitzeko, eta handik Borda-Enea eta Oiartzun kaletik (Andonaegui) Azkuene kaleraino.

San Pedrora iristeko, Azkueneko bidegurutzetik sartu behar da, Jaizkibel-Ulia Etorbidea-Andonaegui-Arrandegi korridoreari jarraituz, Euskadi Etorbidetik jarraituz.

Pasai San Pedro, Poblado, Pablo-Enea, Salinas eta Marqués de Seoane kaleen goialdera Azkuene kaletik sartu beharko da, Jaizkibel-Ulia Etorbidea-Andonaegui-Arrandegi korridoreari jarraituz, eta Ternua edo Euskadi Etorbidea erabiltzeko aukera izango da.

Ciriza Etxeari atxikitako orubean feriak ezarriko direnez gero, eremu horretan ezingo da ibilgailurik aparkatu uztailaren 10eko 18etatik aurrera uztailaren 18ra arte. Ordez, bi gune berri gaituko dira bertakoek aparkatu ahal izateko: 

  • Rodolfo zegoen guneko orubea, uztailaren 9ko (asteazkena) 08:00etatik, uztailaren 18ko (hurrengo asteko asteazkena) 20:00ak bitarte.
  • Lonjaren eta Hospitalilloko aparkalekuaren arteko espazioa, uztailaren 11ko (osteguna) 11:00etatik, uztailaren 14ko (igandea) 20:00etara arte.

Aldaketak autobus zerbitzuan

Bestalde, Pasaiako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamentuarekin eta Pasaiako Portu Agintaritzarekin lanean ari da, autobus zerbitzua egokitu eta garraio publikoak San Pedrori zerbitzua ematen jarraitzea bermatzeko.

Karmenetako errepide mozketek, Adinberriko obrei batuta, eragina izango dute E07, E08, E09 eta DB38 autobus lineetan. Afekzio horiek bizilagunenentzako ahalik eta arinenak izan daitezen, Udalaren proposamena honakoa izan da: autobus publikoek Lonjara doazen kamioiek San Pedrora iristeko egiten duten ibilbide bera egitea. Alegia, Anklako biribilgunetik Aduana kalera jo eta portu eremutik jarrai dezatela, Euskadi etorbidean moztutako tartea ekidin eta Esnabide kalea hartu arte.

Datozen orduotan froga berezi bat egingo da ibilbide hori egingarria dela egiaztatzeko eta horren baitan erabakiko da zein zerbitzuk eta zein maiztasunarekin egingo duten ibilbidea.

Iraitz Pazos Trintxerpeko alkateordeak nabarmendu du alternatiba hauen bidez Udalak apustu garbia egin nahi duela «herriko jaiei begira inor atzean utziko ez duen mugikortasun publiko, iraunkor eta segurua bermatzeko eta publikoki eskertu nahi izan die bai Portu Agintaritzari baita Aldundiari ere soluzio bat bilatzeko izan duten jarrera». Are eta gehiago: «Ezinbestekotzat jo dugu sanpedrotarrei zerbitzua ematen jarraitzea, kontrakoak ondorio larriak izango lituzkeelako ospitalera jo behar dutenen edo, besterik gabe, Escalerillaseraino iristeko edonolako zailtasunak dituztenen mugikortasunean». 

Amaitzeko, jakinarazi du udalak lehenbailehen jakinaraziko duela zerbitzu horiek jasango dituzten afekzioak eta balizko alternatibak zeintzuk diren.