Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/10/16

Antxoko lurpeko geltoki berriaren hondeaketa-lanak bukatu ditu ETSk

400 metro falta dira Galtzaraborda eta Pasaia lotzeko

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sareak (ETS) amaitu ditu Antxoko Gure Zumardiaren azpian, barrutiaren erdian, egongo den lurpeko geltokiaren hondeaketa-lanak. Gune horren gainazaleko zatirik handiena joan den ekainean ireki zen herritarren erabilerarako, eta orain parte-hartze prozesu bat du martxan Pasaiako Udalak, espazioa diseinatzeko.

Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak lurpeko lanak bisitatu ditu gaur goizean, Miguel Ángel Páez Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin, Antonio López ETSko zuzendari nagusiarekin eta Teo Alberro Pasaiako alkatearekin batera. Alkatearekin izan dira, halaber, Antxoko alkateorde eta Mugikortasun zinegotzi Mikel García, eta Hirigintza zinegotzi Iraitz Pazos.

Bisitan, geltokiaren hondeaketa-lanak osatu ahal izateko “kaxoi” gisa jardun duten pantaila-hormak eta goiko lauza jartzeko lanak nola amaitu dituzten ikusi ahal izan dute. Gaur egun, geltokiaren hainbat egitura egiten hasi dira, hala nola, sarbide-arrapala berriaren egitura. Horrez gain, beste lan garrantzitsu bat ere amaitu da, Molinao errekaren desbideraketa eta berrezarpena, alegia; eta garrantzitsua diogu, izan duen zailtasunagatik.

Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria barrutiko plaza nagusiaren azpian dago. Joan den udan herritarrek erabiltzeko libre geratu zen espazio hori oinarrizko urbanizazioarekin. Etorkizuneko Gure Zumardiaren izaera diseinatzeko, hain zuzen, parte-hartze prozesua abiatu zuen joan den astean Pasaiako Udalak.

Alkatea itxaropentsu mintzatu da gaurko agerraldian prozesu honi buruz: “Plaza orain mihise zuri bat bezalakoa da, herritarrekin lankidetzan marraztuko duguna. Parte-hartze prozesu horren ondorioz, herritarren beharretara egokitutako espazioa izatea espero dugu, Antxo irisgarriagoa eta atseginagoa egingo duena”.

Horrez gain, zubibide zaharraren eraisteari ere egin dio aipamena Alberrok, esanez horrek “Antxo bateratuago bat” sortuko duela, “espazio berriekin, berdeguneekin eta eremu berriekin”. Bukatzeko, eskerrak eman dizkie bizilagunei “hilabete luze hauetan erakutsi duten pazientzia eta konpromisoagatik”. Honela mintzatu da: “Badakigu obra honek eragozpenak ekarri dituela eta oraindik ere sortzen dituela bizilagunen egunerokoan, baina gaur, lanen aurrerapena bertatik bertara ikusita, ziur egon gaitezke ahalegin honek merezi izango duela. Etorkizun oparoagoa eraikitzen ari gara obra honekin, garraio publiko eraginkorragoarekin eta, batez ere, pasaitarrentzako hobeto konektatutako eta pentsatutako herri-ingurunearekin”.

Lanen xehetasun gehiago

Geltokirako sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdietarako irteera Hamarretxeta kalearen inguruan ezarriko dute. Geltokiak alboko bi nasa izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez egongo dira konektatuta atariarekin.

Sasuategitik (Altza-Pasaia zatia) doan tunelari dagokionez, erabat zulatuta dago jada, eta erasoko galeriaren eta Altzako lotunearen arteko estaldura amaituta dago. Gaur egun, estaldura-orga Pasaia galeriarantz mugitzen ari dira, eremu horretan estaldurarekin jarraitzeko. Halaber, laster hasiko dira kanalizazioekin.

Tunelaren beste aldean, Galtzarabordatik 360 metro zulatu dira, eta 400 metro falta dira Pasaiako geltokira iristeko. Hondeaketa-lanei ekiteko, kalitate akustikoa babesteko hainbat neurri ezarri dira Galtzarabordako ahokaduran. Puntu horretan, etorkizunean egungo linearekin egingo den trenbide-konexioa diseinatzeko ere ari dira lanean. Halaber, laster hasiko dira Geraleku kalean pantaila-hormak jartzeko lanak.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osatuta geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzaraino eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. “Horrela, Altza auzoko geltokiak zaku-hondoa izateari utziko dio, eta topoaren linearen igarobide bihurtuko da; izan ere, bertan tren batzuek “errebotea” egiten zuten. Martxan jartzearekin batera, Topoak 7,5 minutuz behingo maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei”, azaldu du García Chueca sailburuak.

Sailburuak gehitu duenez, “obra hau  Gipuzkoarentzat lortu nahi dugun mugikortasun jasangarriaren adibidea da. Edukiera handiko garraio publikoa izan nahi dugu, modernoa, segurua eta eraginkorra, herritarrak autoa ez hartzera eta trenera igotzera animatzeko, gas kutsakorren isurketa murrizten benetan laguntzeko”.