Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2022/02/10
Topoa lurperatzeko obrak otsailean hasiko dira, eta trazadura berria martxan jartzen denean eraitsiko da zubibidea
2023. urte bukaeran Gure Zumardia plaza urbanizatuta egongo da eta ordutik aurrera obrak lur azpian egingo dira
Pasaiako Udalak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS), proiektua garatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren erakunde publikoak, Altza eta Galtzaraborda artean topoa bikoizteko proiektua aurkeztu diete Pasaiako bizilagunei, Gure Zumardia plazaren azpian lurpeko geltoki berri bat eraikitzea barne hartzen duena. Aurreikusitako inbertsioa 64,1 milioi eurokoa da, eta esleitutako proiektuaren obra zibila egikaritzeko epea 46 hilabetekoa. Saihesbide berriari esker, Pasaiako erabiltzaileek 7,5 minututik behin izango dute trena Donostiara joateko. Trazadura berria martxan jartzen denean, Euskotreneko zubibidea eraisteari ekingo zaio.
Pasai Antxoko Ibaiondo frontoian izandako informazio-saioan Izaskun Gomez Pasaiako alkateak eta ETSko arduradun tekniko nagusiek parte hartu dute, eta proiektuaren edukia eta xehetasunak azaldu dituzte. Alkateak nabarmendu du obra hau “mugarria izango dela” Pasaiarentzat, “mugikortasun jasangarriagoa” ekarriko duela, eta pasaitarrak haien lanpostuetara, ikastetxeetara edo aisialdira hurbilduko dituela. Bestalde, Izaskun Gomezek adierazi duenez, udalerriari azpiegitura berri bat emateaz gain, proiektuak Pasai Antxoko benetako hiri-berrikuntza ahalbidetuko du, Gure Zumardia plazan eremu publiko handi bat geratuko baita, Azoka eraitsi eta haren erabilerak Luzuriagara eraman ondoren; hau da, zumardiaren azalera ia bikoiztu egingo da eta itsasadarrera hurbilduko da. Halaber, alkateak baieztatu du Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak eta Iñaki Arriola sailburuak Euskotreneko linea igarotzen den zubia desegiteko eta eraisteko konpromisoa hartu dutela, trazadura berria martxan jarri bezain laster. Pasaiako alkatearen hitzetan: “Antxoko barrutia banatzen duen arkitektura-oztopo hori kentzeak eragin handia izango du, eta bizilagunen bizi-kalitatea nabarmen hobetuko da.”
Bestalde, eta bizilagun batzuek agertutako kezka dela eta, alkateak azaldu du Udalak beste leku batzuetan Azokaren erabilerei behin-behinean jarraipena emateko hainbat aukera aurreikusten dituela, eta elkarte eta kolektiboekin harremanak hasi direla, eraikin horrek gaur egun hartzen dituen jarduera sozial eta kulturalak garatzen jarraitu ahal izatea bermatzeko. Era berean, aditzera eman du ostalari eta merkatariekin elkartzen hasi direla, obrek izango duten eragina aztertzeko eta dagozkion ondorioak ezartzeko.
ETSko arduradunek azaldu dutenez, bi kilometroko zati berria eraikitzeak Altza eta Galtzaraborda arteko bikoizketa ahalbidetuko du, eta Donostiarekiko konexioen maiztasuna 7,5 minutura handitzea ahalbidetuko du, gaur egun Herrerako geltokiraino bakarrik eskain daitekeena. Esleitutako obra zibilaren proiektuaren aurrekontua 64,1 milioi eurokoa da eta aurreikusitako egikaritze-epea 46 hilabetekoa da. Zati berria Donostia, Pasaia eta Errenteriako udalerrietan zehar garatuko da, Altzako geltokiarekin lotuko da eta meategiko tunel batetik joango da Eskalantegi kaleraino (Donostia eta Pasaia udalerrien arteko muga). Pasaiako udalerria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko da, ia osorik tunel faltsu baten bidez, eta hori meatze-tunel bihurtuko da berriro Donostiako udal-mugartearen mugan, Pasaiako saihesbidea eta Donostia-Irun trenbidearen egungo trazadura azpitik zeharkatu aurretik. Meategiko tunelaren bigarren zati hori Errenteriako udal-mugarteraino iritsiko da, han kanpora irtengo da Parke kalearen parean, egungo trenbidearen trazadura igarotzen den ibarrean, eta Galtzarabordako geltokiaren hasieran berdinduko da.
Emandako informazioaren arabera, Pasai Antxon bi eremu nagusitan egingo dira obrak: Luzuriagako aparkalekuaren ingurua, eta Gure Zumardia plazako geltoki berria. Luzuriagatik larrialdietako galeriaren ahokadurari ekingo zaio, Sasuategi bidean, eta aparkalekuko albo batean obrako etxolak jarriko dira. Obrek dirauten bitartean 35 aparkaleku kenduko dira, eta horien ordez Papin eremuan 46 aparkaleku berri ireki dira. Adierazitako eremuen okupazioak ez dio trafikoari eragingo, eta kamioien ibilbidea aldatu egin da, haien pasabide-eremua murriztearren.
Bigarren eremua Gure Zumardia plazaren azpian dagoen lurpeko geltoki berria da, Eskalantegi, Zumalakarregi, Biteri plaza eta Hamarretxea kaleen artean. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailu bat izango du plazan bertan; atari bakarra izango du, eta bertatik alboko bi nasetara sartuko da, eta larrialdi-irteera San Markos kalean egongo da. Pasaiako geltokiari Errenteriarantz jarraipena ematen dion tunel faltsua egikaritzeko, Molinao itsasadarraren azpitik gurutzatu behar da, eta haren ibilgua behin-behinean desbideratu behar da, obrak planifikatu eta egin ahal izateko.
Obraren lehen 21 hilabeteetan, geltokiko lanak Zumardiko gainazalean egingo dira, eta, ondoren, lauzaren azpian, plaza urbanizatuan. Plaza hori 2023. urtearen amaierarako entregatzea aurreikusita dago. Gure Zumardia plazan lur gaineko lanak egiten diren bitartean, alboko pasabideak irekita egongo dira, zirkulazio-mozketak iraupen laburrekoak izango dira Eskalantegin eta Hamarretxetan, eta aukerako beste pasabide batzuk egokituko dira. Geltoki berriaren obrak egiteko, bestalde, Azoka eraitsi beharko da, eta kioskoa behin-behinean kendu. Kioskoa berriro jarriko da obrak bukatzean.
Antxoko kultur etxean erakusketa bat antolatu da lurperatze proiektuaren informazio panelekin. Halaber, Ibaiondon egindako informazio-saioaren bideoa proiektatuko da (panelak eta bideoa orrialde honen amaieran aurki ditzakezu). Azkenik, postontzi bat egongo da, interesa duen edonork galderak eta iradokizunak egin ditzan.
Erakusketa otsail osoan egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 16: 00etatik 19: 00etara (16 izan ezik, ezin izango baita aretoa erabili, beste helburu batzuetarako erreserbatuta baitago).