Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/02/29
Pasaiako topoaren trazatua eta Altzako geltokia, tunel bidez lotuta
Pasai Antxon lurpeko topo geltoki berria sortu eta egungo zubibidea eraisteko aurrerapauso bat gehiago eman da otsailaren 28an.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Pasaia eta Altzako geltokia lotu ditu goizean tunel bidez. Lugorritze-makina batek hondeaketa-lanak amaitu ditu puntu horretan eta ‘kalea’ edo bat egitea gauzatu du Donostiako auzora bidean.
Sarrera Sasuategiko eraso-galeriatik duen Altzako geltokiaren eta Pasaiako terminalaren arteko lineako tunela, aurrerantz (goiko aldean) amaitu da, beheko azken metroa hondeatzearen faltan, hau da, destroza izenekoa. Horrela, Pasaiako Gure Zumardia plazan, pantailaren hormak amaitu ondoren, geltokiko estalkia izango den goiko lauza egiten ari dira langileak gaur egun.
Eremu horren etorkizuneko itxura herritarrek eta udal gobernuak elkarlanean diseinatuko dute. Horretarako, parte-hartze prozesu bat zabalduko du Pasaiako Udalak, horren aurrekari izanik SOS Antxo Koordinakundearekin erakundea izaten ari den etengabeko harremana.
Azken bilera hilaren 14an egin zuten bi aldeek ETSrekin. Bertan parte hartu zuten Mikel Garcia Mugikortasun zinegotzi eta Antxoko alkateordeak, Iraitz Pazos Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko zinegotziak, eta SOS Antxo mugimenduko kide batek. Besteak beste, adostu zuten ke irteera eta larrialdietako irteera etorkizuneko plazaren albo batean ezarriko dituela ETSk, eta ez erdialdean, hasierako proiektuan aurreikusi bezala.
“Horrek antxotarrentzako eta pasaitarrentzako espazio zabal berria libre uztea ahalbidetuko du”, poztu da Antxoko alkateordea. Garciak aitortu du Pasaiako Udalaren, ETSren eta antxotarren arteko elkarlana funtsezkoa izan dela aisiarako gunea ahalik eta libreen utzi ahal izateko.
Etorkizuna, geroz eta gertuago
Lauza egin ondoren, terminalaren beraren hondeaketa-lanei ekingo zaie haren azpian, hau da, lurpean, hiri-bilbearen gaineko eragina murrizteko. Prozedura horri esker, ETSk udararako itzuli ahal izango die herritarrei Hamarretxeta eta Eskalantegi arteko plazaren tartea, oinarrizko urbanizazioarekin.
Molinaoko errekastoa, bestalde, bere ibilbide naturalera itzuli zen duela hilabete inguru, bertan pantaila-hormak egin ondoren eta eremu horretan eraginak jasan dituzten zerbitzu ugariak desbideratu eta ordeztu eta gero.
Dagoeneko ahoa prest dagoen Galtzarabordako eremuari dagokionez, gaur egun tunelaren instalazioei, araztegiari, dekantagailuei, lugorritze-makina iristeko sarbideei… ekiten ari zaie. Aurreikuspenen arabera, puntu horretako hondeaketa hilabete bat eta bi hilabete barru artean hasiko da, eta urtebete inguru luzatuko da, puntu hori Pasaiako geltokiarekin lotu aurretik.
Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osaturik geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzearekin batera, topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei.
Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxeta kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak igogailu baten bidez ere egongo dira konektatuta atariarekin.