Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/02/01

Topoa lurperatzeko proiektuari buruzko informazio-saioa

Otsailaren 9an

Otsailaren 9an, asteazkena, Pasaiako Udalak topoa lurperatzeko proiektuari buruzko informazio-saio bat eskainiko du Antxon. Saioa Antxoko Kultur Etxean izango da 19:00etan. Izaskun Gomez alkateak aurkeztuko du, eta Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoa den Eusko Trenbide Sareko (ETS) teknikariek gidatuko dute, erakunde hori baita proiektuaren garapenaren arduraduna.

Oharra: informazio-saioa Ibaiondo frontoira lekualdatu da

(Lekualdatzearen inguruko informazio gehiago)

Informazio-saioan ETSko teknikariek informazio zehatza emango dute Altza eta Galtzaraborda artean topoa bikoizteko proiektuari buruz, Gure Zumardia plazaren azpian lurpeko geltoki berri bat eraikitzea barne. Trazadura berriari esker, egungoa ordeztuko da, eta zubibidea eraisteari ekingo zaio, Izaskun Gómez alkateak eta Iñaki Arriola Garraioetako sailburuak akordioa lortu ondoren.  Proiektatutako obrei esker, 7,5 minutuero ibiliko dira trenak, joan-etorrien denbora laburtu ahal izango da eta Pasaiako mugikortasuna nabarmen hobetuko da.

Lurperatze-lanen informazio-prozesua osatzeko, erakusketa dibulgatzailea egingo da, panelekin, irudiekin eta hainbat material grafikorekin. Erakusketa hori interesatuen eskura egongo da Antxoko Kultur Etxeko auditorioan, otsailaren amaiera arte. Interesdunek informazio-saioaren edukia ikusi ahal izango dute horretarako prestatutako pantaila batean. Pantaila horretan, ETSko teknikariek emandako azalpenak emango dira egunero. Halaber, informazio-material horiek eskuragarri egongo dira Pasaiako Udalaren web orrian.

Covid 19aren eraginez gaur egun dugun egoera dela eta, otsailaren 9ko Antxoko Kultur Etxeko informazio-jardunaldira joateko, esteka honetan izena eman behar da. Bertaratu ezin direnek saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, udalaren web orri (www.pasaia.eus) eta sare sozialetan (facebook, twitter eta youtube).