Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/12/03
Pasaia tentsionatutako eremu izendatzeko prozedura abiatu du Jaurlaritzak
Besteak beste, alokairu-prezioen mugaketa, kontratuen egonkortzea eta espekulazioaren aurkako neurriak ekarriko ditu izendapenak
Eusko Jaurlaritzak hasiera eman dio Pasaiako udalerria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzeko prozedurari. Udalak azken hilabeteetan egindako diagnostikoari eta aurkeztutako ekintza-planari esker, herriak aukera izango du etxebizitzaren arloko neurri espezifikoak ezartzen hasteko, hala nola alokairu-prezioen mugaketa eta kontratuen egonkortzea.
Gipuzkoako udalerrien artean, alokairu-kostuen presio handiena duen herrietako bat da Pasaia: etxebizitza-gastuek familien batez besteko diru-sarreren %35,9 gainditzen dute, legeak “tentsionatutako eremu” izendapenerako ezartzen duen muga (%30) nabarmen gaindituz. Egoera horren aurrean, Udalak eskaera ofiziala aurkeztu zuen izendapen honetarako, eta Jaurlaritzak dagoeneko argi berdea eman dio aitortza horri.
Onarpenaren iragarkia jendaurrean egongo da 20 egunez, alegazioak eta ekarpenak egiteko. Epe hori amaituta, izendapena indarrean sartzen denean, Pasaiak etxebizitza-merkatuan eragiteari ekingo dio.
Izendapenak ahalbidetzen dituen erregulazio mekanismoen artean daude, kasu, alokairu prezioei gehieneko mugak ezartzea, kontratuen egonkortasuna handitzea (errentariaren babeserako irizpide zorrotzagoak aplikatuz, kontratuak gutxienez 5 urtez luzatu ahal izateko eta urte arteko igoerak gehienez KPIari lotuta mantentzeko), edota, espekulazio edo etxegabetze azkarren aurkako kontrol-neurriak areagotzea. Halaber, jabe handiek betebehar zorrotzagoak izango dituzte, eta Udalak hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko neurriak hartuko ditu.
Teo Alberro alkateak izendapenak duen garrantzia azpimarratu du: “Etxebizitza eskubide bat da, ezin da inolaz ere luxu bat izan. Pasaian presioa handia da, eta gure herritar askok ez dute prezioei aurre egiteko modurik. Diagnostikoak erakutsi digu egoera konplexua dela, baina sinetsita gaude izendapen honek tresna sendoak emango dizkigula merkatuaren desorekak zuzentzeko eta alokairuak egonkortzeko. Hori da gure lehentasuna: pasaitarrek Pasaian bizi eta Pasaian geratzeko aukera izatea”.
Iraitz Pazos Etxebizitza arloko zinegotziak nabarmendu du Udala garatzen ari den etxebizitzaren aldeko politikek duten pisua: “Aspalditik ari gara etxebizitza-politikak lehenesten, baina tentsionatutako eremuaren izendapenak jauzi kualitatiboa dakar. Aurkeztu dugun ekintza-plana sakona da, eta udalak konpromiso irmoa du prezioen kontrola, espekulazioaren aurkako neurriak eta herritarren babes juridikoa indartzeko”.







