Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/07/03
Drogen kontsumoari buruz eta sexu praktikei buruz hausnartzeko postua jarriko du Udalak aurten ere Antxoko jaietan
“Testing” programa uztailaren 4ko gauean martxan izango da Ibaiondon

Iaz bezala, Pasaiako Udalak Antxoko San Fermin jaietan “Testing” programa jarriko du martxan, festa giroko droga kontsumoa murrizteko helburuz.
Informazio stand bat ezarriko da Pasai Antxoko skate parkaren ondoan, uztailaren 4ko (ostirala) 00:00etatik 03:00ak bitarte. Bertan ondoko gaiei buruzko informazioa emango zaie hurbiltzen direnei: substantziak eta ezaugarriak; osasun arrisku zehatzak eta epe luzera izan litezkeen osasun arazoak; legezko arriskuak; kontsumo segururako aholkuak, eta abar.
Horrekin bat, droga eta sexu seguruei buruzko materiala ere banatuko diete behar dutenei.
Programaren helburu orokorrak hauek dira:
- Gazteen artean neurriz kanpo kontsumitu ez dezaten prebentzio-lana egitea, eta egiazko informazio objektiboa ematea, arriskuak hobeto kudeatzeko.
- Gazteak kontsumoen arriskuez kontzientziatzea, eta zergatik kontsumitzen duten eta kontsumoaren bitartez zer helburu lortu nahi duten hausnarraraztea.
- Kontsumitzaileari ohartaraztea legez kontrako substantzien osasun kontrolik ez dagoela, eta ohartaraztea aizunduta egoteko arriskua badutela.
- Arriskuak murrizteko kontzeptuak zabaltzea, sexu-praktika seguruak, elikatzeko ohitura onak eta kontsumoaren legezko ondorioen ezagutza barne.
- Substantzia berri eta kontsumorako patroi berriei buruzko informazioa eskuratzea.






