Eduki publikatzailea

Udalak ostalaritza-terrazetako tasak baliogabetu eta likidazio berriak egingo ditu, benetan erabili diren aldiak kontuan izanik

Terraza-lizentzia dutenek alarma-egoeran establezimenduak itxi behar izan dituzte eta ezin izan dituzte terrazak erabili

Pasaiako Udalak baliogabetu egingo ditu bide publikoan ostalaritza-terrazak jartzeko tasak kobratzeko igorri dituen ordainagiriak, eta likidazio berriak egingo ditu, benetan erabilitako aldiak kontuan izanik. Kontzeptu horregatik ordaindutako diru-kopuru guztiak itzuli egingo dira.

Ondoren, ordainagiri berriak egingo dira, eta bi alditan likidatuko dira: lehenengo, 2020ko urtarrilaren 1etik martxoaren 14ra bitarteko aldia, hau da, alarma-egoera ezarri artekoa. Bigarren aldia uda ondoren likidatuko da, ostalaritzako jarduera berriz hasten denetik aurrera kontatzen hasita.

Bide publikoa okupatzeko 90 lizentzia likidatu ziren urte hasieran. Horietatik % 20 inguruk jada ordaindua zuten ordainagiriaren kopuru osoa. Bestalde, apirilaren 27an ordainketa zatikatzen duten 27 establezimenduetako 11 ordainagiri kobratu ziren. Gainerako likidazioak ez daude ordainduta, alarma-egoera hasi zenean, Udalak ordainketa horiek eteteko dekretu bat onartu zuelako.

Beraz, kontuan izanik lizentzia guztiak ez daudela egoera berean, eta dauden aukerak aztertu ondoren, Udalak erabaki du ordainagiri guztiak baliogabetzea, ordaindutako diru-kopuruak itzultzea, eta likidazio berriak egitea; covid-19aren pandemia dela-eta ezarri den alarma-egoerak hala beharturik. Hauxe da, Udalaren iritzian, konponbiderik egokiena.