Eduki publikatzailea

Udalak ostalaritza-establezimenduen terrazak zabaltzeko baimena emango du

Oinezkoentzat ezarritako guneak errespetatuz emango dira baimenak

Covid-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz, hainbat muga jarri zaizkie ostalaritza-lokalei haien terrazak irekitzeko garaian. Muga horiek arintzearren, Pasaiako Udalak, udalerriko ostalariekin batera, eta udal talde guztien adostasunarekin, erabaki du deseskalatze-faseetan terrazak zabaltzeko irizpide batzuk ezartzea.

Lortutako akordioaren arabera, deseskalatzearen lehen fasean mahai gehiago jarri ahal izango dira, betiere okupazioaren % 50 errespetatuz, eta segurtasun-tartea betez. Halaber, terrazen azalerak zabal daitezke, baita fatxadaren luzeran ere, beste lokal batzuekin paralelo, alboko lokalen baimena izenez gero.

Gainera, kupelak edo aulkiak zeuzkaten establezimenduek bide publikotik elementu horiek kendu behar izan badituzte, eta terraza jartzeko baimenik ez badute; mahairen bat jar dezakete, ahal izanez gero. Halaber, kasuan-kasuan aparkaleku-plazak kentzeko aukera aztertuko da, terraza-eremuak zabaldu ahal izateko.

Irizpide horiek behin-behinekoak dira eta indarrean egongo dira Osasun Ministerioak ezarritako baldintzek bere horretan dirauten bitartean. Halaber, aldaketak egin litezke, ondoren ezartzen diren baldintzen arabera.

Akordio hau lortzeko, bilerak egin ditu udalak (bideokonferentzia bidez) udalerriko ostalariekin, udal taldeekin eta eragindako zerbitzu teknikoekin; izan ere, adostasuna lortu nahi zen, Covid-19aren krisiak hain bortizki zigortu dituen negozio horientzako ahalik eta konponbide egokiena bilatzeko. Hori dela eta, udalak eskerrak eman nahi dizkie akordio hau lortzeko euren prestasun eta laguntza agertu duten guztiei; eta egoera guztiak malgutasunez aztertzeko eta neurri hauen aplikazioa errazteko borondatea berresten du; betiere, araudiek eta kasu bakoitzaren baldintza zehatzek ahalbidetzen badute.

Akordioak jada izan du eragina, izan ere, astelehenetik aurrera terrazen irekiera baimendu zen, eta Pasaiako establezimendu batzuek jada Udalari terraza zabaltzeko baimena eskatu diote, adostutako irizpideekin bat.

Terrazak zabaltzeko akordiora bildu nahi duten ostalari guztiek posta elektronikoaren bidez (omm@pasaia.net) egin dezakete eskaera, herritarren arreta zerbitzuko bulegoak itxita dauden bitartean.