Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/12/31

Inguruko udalerrietako taxiek Pasaian zerbitzu eman dezakete jada

Abenduaren 30ean sartu da indarrean neurria

Donostia, Errenteria, Oiartzun, Lezo, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietako taxiek Pasaian lan egiteko baimena dute 2024ko abenduaren 30etik.

Udalerri horiek bat egin dute Erregimen Bereziko Eremua (EBE) sortzearekin, eta horri esker, Pasaiako flotari batuko zaizkio aipaturiko udalerrietako taxi zerbitzuak ere.

Mikel Garcia Peñil Pasaiako Mugikortasun zinegotzia asebete agertu da neurriarekin: “Uste dugu akordio honek mesede egingo diela pasaitarrei eta, jakina, inguruko bizilagunei ere. Izan ere, aukera gehiago izango dituzte eskura taxi zerbitzu bat premiaz behar dutenean”.

EBEk udalerri horietako taxi lizentzien titularrei aukera emango die honako udalerri hauetan garraio zerbitzuak emateko: Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteria. Zerbitzu horiek herri bakoitzaren egutegian ezarritako egunetan eman ahal izango dira; Pasaiaren kasuan, urte osoan zehar.
 

Donostiako Udalak 308 auto-taxi lizentzia eman ditu; Errenteriakoak, 31; Pasaiakoak, 23; Hernanikoak, 15; Lasarte-Oriakoak, 14; Oiartzungoak, 8; Andoaingoak, 5; Lezokoak, 3; eta Astigarragakoak, Urnietakoak, eta Usurbilgoak, 2.

Hala eta guztiz ere azkenaldian udalek, auto-taxien lizentzien titularrek eta gizarte-eragileek gabeziak antzeman dituzte zerbitzuan. Garciak aipatu duenez: “Jakina da zerbitzua ez dela nahikoa egun eta ordutegi jakin batzuetan. Hori agerikoa da, adibidez, bizi ditugun Eguberri egunotan”.

Arazo horiek konpontzeko, udalek iritzi zuten egokia izan zitekeela EBE bat sortzea. Ondorioz, aipatu udalek proposamena Osoko Bilkurara eta/edo Tokiko Gobernu Batzordera eraman dituzte, eta guztiek onartu dute. Behin akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazita, eremu berezia indarrean sartu da 2024ko abenduaren 30ean.