Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/10/28
Behin betiko argi berdea 2026rako tasa eta zergei
Plenoaren gehiengoarekin egin du aurrera udal gobernuaren proposamenak

Pasaiako Udalak 2025eko urriaren 28ko ohiko osoko bilkuran behin betiko onarpena eman dio 2026ko zerga eta tasen proposamenari. Testuak aurrera egin du udal gobernua osatzen duten taldeen babesarekin, eta oposizioko bi alderdien kontrako botoekin.
Teo Alberro alkateak eskerrak eman dizkie oposizioko taldeei aurten erakutsitako prestutasunagatik: “Hasieratik egin genien negoziatzeko eta akordioetara heltzeko gonbidapena, eta proposamen zentzuzkoak eta eraikitzaileak egin dituzte. Azkenean ez dira txertatu, baina jarrera eskertzekoa da”.
Alberrok azaldu duenez, EAJren proposamenari erantzuna udaleko zerbitzu teknikoekin kontrastatu ondoren iritsi da: “Une honetan ez dago modurik proposatu duten hori bideratzeko, eta beraz, egin duten eskaera ez txertatzeko arrazoia teknikoa izan da, ez politikoa”.
PSE-EEk, bere aldetik, OHZren errekargoa atzeratzea eskatu zuen “azterlan bat egin arte”. Alkatearen hitzetan: “Ikerketa hori eginda dago etxebizitzaren diagnostikoan, eta udalbatzak aho batez (PSE-EE barne) onartutako ekintza-planean jasotako neurria da errekargo hori ezartzea. Kronograman zehaztuta dago, gainera, aurten martxan jarri beharreko neurria dela hori, eta sinetsita gaude Pasaiako etxebizitzaren egoera larriak eskatzen duela premiaz eta urgentziaz hastea erabakiak hartzen etxebizitza hutsak mobilizatzen hasteko berandu baino lehen”.
Proposamenaren ildo nagusiak
Udal gobernuak urriaren 17an publiko egindako proposamenaren ardatza izan da familia zaurgarrienak eta herriko gazteen inklusioa lehenestea. Honakoak dira, labur, onartutako lanketaren ildo nagusiak:
- Gazteriako tasen progresibitatea: diru-sarreren eta seme-alaba kopuruaren araberako hobari bidezkoagoak, familia zaurgarrien aukera berdintasuna bermatzeko.
- Etxebizitza hutsei errekargoa OHZn (%150): hutsik dauden etxeen merkaturatzea bultzatzeko.
- Portuko ur tasa eguneratzea: jarduera industrialen pareko tarifa ezartzea, baliabideen erabilera justua bermatuz eta udal diru-sarrerak handituz.
- Ekonomia-jardueren zergaren eguneraketa: fakturazio handiena duten enpresek ekarpen proportzionalagoa egin dezaten.
Alberrok nabarmendu du proposamenaren norabidea “udal baliabideen erabilera bidezkoa eta gizarte-ongizatearen aldekoa” dela, eta zerbitzu publikoen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzea duela xede.
Albiste honetan irakur daitezke 2026ko tasa eta zergen proposamenaren xehetasunak.






