Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/04/14
Pasaian bulegoak egongo dira autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei susperraldi ekonomikoan laguntzeko
Antxon eta Trintxerpen, hasiera batean ekaineko 30a arte
Izaskun Gómez, alkatea: "Ezinbestekoa da hurbileko lankidetza-guneak sortzea autonomoekin eta enpresa txiki eta ertainekin, haiek baitira enplegu-sortzaile nagusiak."
Apirilaren 13tik (asteartea) aurrera Pasaiak udal bulegoak izango ditu Antxon eta Trintxerpen, autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, Covid 19ak eragindako krisiari aurre egiteko eman beharreko pausoei buruz aholkatzeko, eta ekonomia suspertzeari ekiteko. Pasaiako Udalaren ekimen hau Pasaia Suspertuz planaren barruan sartzen da, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez jarriko da abian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia Sustapeneko Sailaren laguntza izango du.
Pasaia Suspertuz plana Covidak eragindako egungo osasun- eta ekonomia-krisiaren testuinguruan sortu zen. Planaren helburuak dira eskualdeko enpresen eta autonomoen lehiakortasuna eta berrikuntza indartzeko ekintzak bultzatzea, eta eskualdearen etorkizunerako funtsezkoa izango den egitura ekonomikoaren eraldaketa sustatzea. Izaskun Gomez alkateak azpimarratu du ezinbestekoa dela hurbileko lankidetza-guneak sortzea autonomoekin eta enpresa txiki eta ertainekin, haiek baitira enplegu-sortzaile nagusiak; eta Pasaia Suspertuz bezalako ekimenen garrantzia azpimarratu du, eskualdearen susperraldi ekonomikoari ekiteko.
Laguntza enpresei eta autonomoei eskualdeko orientazio- eta aholkularitza-zerbitzu hurbil baten bidez emango da. Orientazioa jasoko dute, beren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko, arazoei aurre egiteko eta aukerak identifikatzeko. Halaber, laguntza emango zaie, egungo egoerari egokitutako jarduketa-ildo berriak proposatzeko.
PASAIA SUSPERTUZ zerbitzuak pertsonalizatuak izango dira eta honako hauek izango dira:
- Agentziaren eta enpresaren arteko elkarrizketa.
- Enpresaren egoerari buruzko diagnostikoa, enpresaren egoerarako eta eraldaketarako gakoak.
- Planteatutako erronkak lantzeko orientazio-proposamena, aliatu eta tresna egokiak bilatuz.
- Lan-plangintza, epe ertain eta luzerako helburuak eta jarduerak barne.
- Plana ezartzeko izan daitezkeen laguntza publikoei buruzko orientazioa.
PASAIA SUSPERTUZ udal bulegoak hemen kokatuko dira:
- Pasai Antxo: Azoka. Gure Zumardia, z.g. Astearte eta ostegunetan 9:30etik 14:00etara.
- Trintxerpe: Alkateordetza. Euskadi etorbidea z.g. Astelehen, asteazken eta ostiraletan 9:30etik 14:00etara.
Aurretik hitzordua eskatu behar da, bitarteko hauen bidez:
- https://www.covid19oarsoaldea.com/
- 943 494 129 telefono-zenbakian
- Pasaia Suspertuz udal bulegoetan, lehen adierazitako ordutegian.
Hasiera batean bulegoak ekainaren 30era arte egongo dira zabalik.
Ondoren, zerbitzuaren balorazioa egingo da; eta, balorazioa positiboa bada, bulegoen funtzionamendua urte bukaera arte luzatuko da.