Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2023/10/11
Urriaren 20an sugeen inguruko hitzaldia eskainiko du Aranzadik San Pedron haur eta helduentzat
Datorren urriaren 20an, 17:30etik 18:30era, sugeen inguruko hitzaldi didaktikoa eskainiko du Pasaiako Udaleko Ingurumen Sailak Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Hitzaldia San Pedroko Udal Aretoan (Erti) izango da eta haurrek zein helduek hartu ahal izango dute parte.
Aurtengo udan San Pedron azaldu diren sugegorriek biztanleriarengan kezka sortu dute. Izan ere, suge baten muda azaldu zen San Pedroko atari batean eta, geroago, Arraunlari kalean sugegorri bat azaldu zen, ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek itsasargi inguruan askatu zutena. Horrez gain, barrutiko beste zenbait tokitan ere ikusi dituzte sugegorriak hainbat bizilagunek.
Herritarrengan sortutako kezka apaltzeko asmoz, Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, sugeen inguruko hitzaldia antolatu du. Bertan, herpetologian aditua den Iñaki Romero Aranzadiko kideak sugeen inguruko informazio orokorra (ezaugarriak, ohiturak, habitata, etab.) emango ditu, besteak beste, sugegorriena. Ondoren, familiei zuzenduriko jarduera batzuk egingo ditu eta, azkenik, sugeen erakusketa txiki bat ikusi ahalko da.
Iraitz Pazos Ingurumen zinegotziaren arabera, «garrantzitsua da udalak biztanleengan sortutako kezkei erantzutea, ahal dela, modu pedagogikoan eta didaktikoan. Sugeen inguruan antolatutako saio honek helburu hori du: herritarrak sentsibilizatzea, lasaitzea eta informatzea».