Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/11/21

Pasaiako Udalak seinaleak jarri ditu barrutietan, “haurren laguna den hiria” dela gogorarazteko

Azaroaren 20an

Pasaian seinaleak jarri ditugu lau barrutietan, haurren lagun den hiria dela gogora ekartzeko eta  UNICEFek duela bi urte egindako aitorpena berriro agerian jartzeko. Seinale adierazgarri horiek haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna den azaroaren 20an jarri dira. Izan ere, data hori seinalatua da aspaldidanik Pasaiako herrian.

Izaskun Gomez alkateak azpimarratu du Pasaia haurren eskubideen defentsan inplikatutako hiria dela, eta horren ondorio dela Unicefek emandako ziurtagiria. Haurren eta nerabeen partaidetza aktiboaren aldeko apustua egiten duen hiriak jasotako emaitza ere bada. “Pasaiako herriarentzat etorkizun hobea eraikitzen ari garela azaldu nahi dugu. Eta bide horretan, Udalak haurren eskubideen alde lanean jarraituko du, haien beharrak aseta izan daitezen” adierazi du alkateak.

Unicefeko ordezkari den Iratxe Elsok esker ona agertu du Udalak azken urteetan haurren eta nerabeen alde egindako lanagatik. Haurren eta nerabeek parte-hartzeko duten eskubidearen alde egiten ari den ahalegina garrantzizkoa dela azpimarratu du, izan ere udalerriaren hobekuntzaren alde egiteko, horien iritzia kontuan hartzen ari da. Pasaiako eta munduko haur eta nerabeak gizarte hobe baten alde egiteko funtsezko eragileak direla gogorarazi du Unicefeko ordezkariak.

Karmengo Ama ikastetxeko Eider Vicente eta Gaizka Berzosa ikasleen hitzetan Haurren laguna den hiria garela aitortzea ez da guretzat amaiera bat, baizik eta hasiera bat. “Ziurtagiri honen bitartez, eskubideen alde lanean jarraitu behar dugu, gure behar eta kezkei erantzuna eman ahal izateko” diote haur pasaitarrek."

Prentsaurrekoan, Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariek parte-hartu dute.