Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/03/26

Oinezkoen segurtasuna hobetzeko sare irristagaitza ezarri da Antxoko Pabinsako zubian

Joan den ostiralean, martxoak 22, sare irristagaitza ezarri zuen Udalak Antxoko Pabinsa eremuko egurrezko zubian. Sarearen helburua oinezkoen irristatzeak ekiditea da.

Martxoaren 11ko astean sarearekin lehen probak egin zituzten Zerbitzuetako langileek, neurriaren eraginkortasuna berresteko. Horretarako, zubiaren zoruan metro bateko sare irristagaitza ipini zuten lehendabizi.

Sareak bere funtzioa betetzen zuela egiaztatu ondoren, hura pasabide guztian zehar ezartzeari ekin zion Pasaiako Udalak. Hala, joan den ostiraletik aurrera, Pabinsa zonaldeko egurrezko zubia sare irristagaitzarekin estalita dago, pasabidea oinezkoentzako seguruagoa eginez.

Neurriari esker bizilagunen segurtasuna hobetuko dela ziurtatu du Iraitz Pazos Zerbitzuetako zinegotziak, “batik bat izozteek, hezetasunak edo euriak eragindako erorketa eta estropezuak saihestuz”. Horrez gain, pasabidearen beraren mantenua ere hobetuko du sareak eta, hala, egurrezko zubiaren balio-bizitza luzeagoa izango da.