Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/11/22

Antxoko Bandari eta Jose Ignacio Elortegiri omenaldia egin zaie Santa Zezilia egunean

Kalejira eta musika ekitaldia hunkigarria egin da San Pedron

Santa Zezilia eguneko ospakizun bereziak San Pedron antolatu dira aurten. Eguraldia lagun, Pasaiako Udalak, Pasaia Musikalek eta Juanje Neira Musika Eskolak zenbait ekimen antolatu dituzte herriko eragileekin elkarlanean.

17:00etan hasi da kalejira Torreko plazatik, eta herriko elkarte eta eragileek, herritarrekin batera, San Pedroko kaleak hartu dituzte.

17:45 aldera, musika lagun, kalejira herriko elizara iritsi da eta bertan hasi da ekitaldiaren bigarren zatia.

Antxoko Gaiteroek eta Pasaiako Erraldoiek hartu dute protagonismoa Vals violines pieza joz eta dantzatuz.

Ondoren, arratsaldeko lehen omenaldia egin da, Pasai Antxoko Bandari zuzendua. Horretarako, oroitzapen testu bat irakurri dute ekitaldiaren aurkezleak izan diren Jasone Sistiagak (San Pedroko txistulari elkartea) eta Inaxio Ríosek “Txino” (Tirri-Tarrakoa): “gaur hemen bildu gara Sociedad Musical Pasaitarraren ehun urteak ospatzeko, 1925az geroztik gure herriko bizitzaren parte izan den erakundea omentzen dugu”. 

Ehun urteetan bizitako aldaketak eta zenbait anekdota kontatu dituzte, hitz polit batzuekin amaitu aurretik: “Sociedad Musical Pasaitarra elkartea aktibo mantendu da denbora luze honetan, kultura sustatuz eta barrutian ekitaldiak antolatzen, lan horrekin gaur arte jarraitzen duelarik. Ehun urte, non pertsona askok beren denbora eta ahalegina eskaini baitute gure herrian musika bizirik mantentzeko. Guzti horiei esker ona zor diegu”.
Oroigarri instituzionala Jose Ignacio Elortegik (Ondartxo) eta Pasaia Musikaleko Gorka Mirandak eman dizkiote Antxoko Bandaren Txema Hernandez lehendakariari.

Ostean, Illumbe Bandaren eta Tirri Tarraren txanda iritsi da, eta Vasconia pieza interpretatu dute.

Ekitaldiari jarraipena emateko, eguneko bigarren omenaldia, sorpresazkoa, egin da. Txema Hernándezek panegirikoa irakurri du José Ignacio Elortegiren ekarpen musiko-kulturala nabarmenduz: "gaur hemen bildu gara hamarkadetan zehar gure herriaren kultura- eta komunitate-arimaren zati handi bat diskrezioz eta kostantziaz ehundu duen pertsona bat aitortzeko. Jose Ignacio Elortegi kaioak ere ezagutzen dituen horietakoa da, eta kaioek hainbat eta hainbat saltsatan ikusita ezagutzen dute bera. Beti presente, ia beti itzaletik, baina ezinbestekoa gure herria taupadaka jartzen duen guztian.
Jose Ignaciok Pasaiarekiko duen grina ez da jarrera bat, erraietako zerbait da, benetakoa, gure nortasuna sendotzen duen ekimen bakoitzean egotera eramaten duena: benetako militante kulturala, soziala eta komunitarioa.
Horregatik, Santa Zezilia musikarien zaindariaren egun honetan, bazen garaia hainbeste gustatzen zaizkizun efemeride horietako batek zu barne har zaitzan. Izan ere, besteak gogoratzen eta omentzen hainbeste jardun duenak omenaldia merezi du ere" amaitu du Hernandezek.

Sorpresaz eta hunkituta jaso du Elortegik aitortza eta parrokia osoaren txalo zaparrada.

Udalaren izenean, eskertza berezia egin dio Miren Muruak (hilaren 25ean zinegotzi akta hartuko duen sanpredotarrak). “Askok pentsa lezakete herri baten indarra ekimen handi edo sonatuetan dagoela. Baina guk badakigu gure herriaren indarra atzetik eta isilean egindako lan guzti horretan dagoela. Eta lan horretan ibili zara zu betidanik.

Jose Ignacio, asko eman diozu herri honi. Uste duzuna baino askoz gehiago, eta, seguraski, sekula imajinatuko zenukeena baino gehiago: denbora, ideiak, lana, maitasuna, pazientzia, indarra, ordena, memoria...

San Pedro musika da zu bezalako pertsonei esker. Dantza da, kopla da, banda, korua, txistua, gaiteoa, memoria...
Eta guzti hori ez da bakarrik sostengatzen. Horri guztiari pertsonek eusten diote. Eta zu ezinbesteko pertsona horietako bat zara” amaitu du Muruak.

Jarraian, udal ordezkariek oroigarriak eman dizkiote Elortegiri:

Pasaia Musikaletik Juanje Neirak plakatxo bat eman dio; Miren Murua eta Laura Rék (EH Bildu) txapela eta xanpain botila; Loreto Osak (EAJ-PNV) zapia jarri dio eta Lore Suarezek (PSE-EE) lore sorta.

Tirri Tarra eta Lamia Dantza Taldeko kideek ere oroigarriak eman dizkiote Elortegiri. Eskultura eta beste txapela bat hain zuzen ere.

Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu diote ondoren herriko zenbait taldek, Itsasmendi Txistu taldearen doinuekin. Juanje Neira ere aurreskua dantzatzera ausartu da.

Ekitaldiari amaiera berezia eman zaio, bertaratutako guztien artean  Regatas en San Sebastián kanta abestuz.

San Pedroko auzokideek beste zapi bat jantzi diote omenduari abestia amaitzean. Bukatzeko, familia argazkia atera dute guztiek eliza barruan.
Ekitaldian ondoren zerrendatzen diren elkarte edo eragileek  parte hartu dute. Eskerrik asko guztiei!
  
Pasaiako Musika Fundazio Publikoa – Pasaia Musikal
Illumbe Musika Banda
Illumbe Txistu Taldea
Sorginarri Txistu Taldea
Itsasmendi Txistu Taldea
Lamiak Dantza Taldea
Lintxua Dantza Taldea
Alkartasuna Dantza Taldea
Tirri Tarra
Pasaiako Erraldoiak
Pasai Antxoko Gaiteroak
Juanje Neira Udal Musika eta Dantza Eskola
 

Santa Zezilia 2025