Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/10/08

Donibanek Santa Anako erloju historikoa berreskuratuko du, auzolan ekimen baten bidez 

Egitasmoaren helburua da auzotarrak, erakundeak eta toki-erakundeak biltzea ondare historikoa berreskuratzeko proiektu kolektibo batean

Urriaren 9an hitzaldi-solasaldi baten bidez, Santa Anako erloju historikoa zaharberritzeko proiektua aurkeztuko da. Pieza enblematikoa da, eta 1841az geroztik denboraren iragaitea markatzen du. 

Ekimena Yeregui Elkarteak bultzatu du. Elkartea Xabier Álvarez Yeregui erlojugileak sortu zuen, euskal erlojugileen saga ezagun baten ondorengoa, eta Pasaiako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donibaneko parrokiako komunitatearen eta tokiko eta hezkuntzako hainbat erakunderen laguntza du.

Auzolanaren filosofiarekin garatuko da proiektua, lan komunitario eta borondatezkoaren euskal praktika tradizionala, kasu honetan, zaharberritzearen artisau-jakinduria eta auzotarren eta gizarte- eta hezkuntza-eragile desberdinen inplikazio zuzena batzen dituena.

Ia bi mendeko historia duen erlojua

Santa Ana ermitako erlojua Francisco de Salado erlojugileak instalatu zuen 1841ean, herri-eskariz eta orduko korrejidorearen enkarguz, aurreko mekanismoa hondatu ondoren. Instalazioaren kostua garai hartako 3.600 errealekoa izan zen, dokumentazio historikoan jasota dagoenez.

Harrezkero, erlojuak markatu dizkio orduak Donibaneri, eta egunerokotasuneko eta ondareko sinbolo bihurtu da. Urteetan zehar hainbat esku-hartze izan ditu – 1925ean eta 1957an dokumentatuak –, horietako batzuk “ez oso egokiak”, Xabier Álvarez Yereguik azaldu duenez, eta horrek erlojuaren barne-zehaztasuna eta -egitura okertu ditu.

"Erlojua egoera delikatuan dago gaur egun, baina erabat berreskura daiteke. Gure asmoa errespetuz esku hartzea da, haren funtsa aldatu gabe, zaharberritze ez-inbaditzailea deritzona aplikatuz, hau da, haren funtzionaltasuna eta duintasuna itzultzea denboraren aztarnak ezabatu gabe", adierazi du Álvarez Yereguik, eta honako hau azpimarratu du: “Santa Anako erlojua ez da tresna mekaniko bat soilik, herriko memoria kolektiboaren pieza bizi bat baizik".

Euskal erloju-tradizioa, familia-ondarea

Yeregui Elkartea arduratuko da zaharberritzeaz. Elkarte hori erloju historikoak kontserbatzeaz eta zaharberritzeaz arduratzen da, bereziki Yeregui sagako kideek instalatutako erlojuak. Saga hori euskal erlojugileen familia da, eta XIX. Mendean hasi zen familia langintza horretan, Francisco Yeregui Zabaleta jaunarekin.

Elkarteak berriki egin dituen proiektuen artean, nabarmentzekoa da Azpeitiko San Migel Artadiko erlojua birgaitzea, bai eta Gipuzkoako eta Nafarroako beste herri batzuetako pieza historikoak berreskuratzea ere. "Erloju bakoitza asmamenaren eta tokiko nortasunaren lekukotza txiki bat da. Horiek zaharberritzea, nolabait, gure komunitateen denboraren pultsua zaharberritzea da", gaineratu du Álvarez Yereguik.

Erakundeen eta herritarren arteko lankidetza-sarea

Proiektuak Pasaiako Udaleko Ondare Sailaren babes instituzionala du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin (Ondare Arloa), Donibaneko parrokiako komunitatearekin eta tokiko hainbat erakunderekin elkarlanean.

Kolaboratzaileen artean ondorengoak daude: Boisa-Sprilur (Oarso eta Bidasoako Industrialdea S.A)., zeinak lokal bat utziko baitu zaharberritze-lanak egiteko, lan horiek herritarrentzat bisitagarriak eta publikoak izan daitezen aldi jakin batzuetan. Pasaiako Oinarrizko Lanbide Heziketako Ikastetxea eta Don Bosco ikastetxea, bertako ikasleek eta irakasleek aktiboki parte hartuko baitute prozesuan; eta Oiartzuako Fundiciones Aizpurua S.A. enpresa, pieza eta osagai metalikoak emango baitizkie.

"Proiektu honek auzolan garaikidetzat hartzen duguna sinbolizatzen du: tradizioa, ezagutza teknikoa, herritarren inplikazioa eta erakundeen laguntza uztartzen dituen ekimena. Ondarea babesteko eta gizarte-sarea indartzeko modu eredugarria da", adierazi du Aitor Brion Pasaiako Udaleko Kulturako eta Ondareko zinegotziak.

Brionek azpimarratu duenez, “Santa Anako erlojuaren zaharberritzeak pieza historiko bati bizitza emateaz gain, Donibanek bere ondarearen inguruan elkartutako komunitate gisa duen nortasun eta identitate historikoa indartzen du”.

Kulturako eta Ondareko zinegotziak ondare materiala eta immateriala kontserbatzearen garrantzi estrategikoa nabarmendu nahi izan du Udal Gobernuaren kultura-ekintzaren barruan:

"Pasaian, zorionez, aparteko ondare batekin bizi gara. Fatxada bakoitzak, kale bakoitzak eta txoko bakoitzak historia bat dute. Erakunde gisa, gure konpromisoa argia da: ondare horri eustea eta ondare hori etorkizuneko belaunaldiei transmititzea ahalbidetzen duten ekimen guztiak babestea eta sustatzea."

Proiektua aurkezteko ekitaldia urriaren 9an (asteazkena) izango da, 19:00an, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan. Sarrera librea izango da, edukiera osatu arte.

Jardunaldian Xabier Álvarez Yereguik eta ekimeneko beste laguntzaile batzuek erlojuaren historia, mekanismoaren ezaugarriak eta zaharberritze-prozesuaren berezitasunak azalduko dituzte. Donibaneko alkateorde Aintzane Taberna arduratuko da ekitaldia aurkezteaz eta ongietorria emateaz.

Tabernak nabarmendu duenez, "proiektu hau erakundeen, elkarteen, enpresen, ikastetxeen eta herritarren arteko lankidetzaren balioaren adibide bat da, denak helburu berarekin lotuta: Donibaneren arima bere ondarearen bidez babestea".

Halaber, proiektuaren balio sinbolikoa azpimarratu du: "Santa Anako erlojua berreskuratzea ez da mekanismo zahar bat konpontzea soilik; gure historia komunaren zati bat berreskuratzea ere bada. Horrelako ekimenek erakusten dute komunitatea batzen denean, denbora —erlojua bezala— berriz ere abian jartzen dela. Herri gisa garenaren metafora zoragarria da."