Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/06/27

San Ferminetan Don Boscon eta Usozeko eremuan aparkatu ahalko da

Usozeko eremua egun osoz egongo da zabalik jaiek dirauten artean, eta Don Boscokoa gauez itxiko dute

Datorren uztailaren 4tik 8ra bitarte ospatuko diren Antxoko barrutiko jaien ondorioz aldaketak egongo dira bai ibilgailuen trafikoan eta baita aparkatzeko gaitutako eremuetan ere.

Pasaiako Udalak jakinarazi du Pasai Antxoko San Fermin jaiek dirauten bitartean bi ezohiko gune izango dituztela aparkatzeko bertako bizilagunek: Usozeko kirol eremua (Pasaia-Lezo Lizeoa ikastetxearen kanpoaldea) eta Don Bosco LHII zentroaren bi aparkaleku, 120tik gora plazarekin orotara.

Usozko eremua ostiraleko (uztailak 4) 23:30etik aurrera erabili ahalko da aparkaleku gisa, hurrengo asteartera arte (uztailak 9) 12:00ak arte,  ordu mugarik gabe. Horrez gain, Luzuriagako eremuan barrakek okupatzen ez dituzten guneak bertakoentzako aparkaleku gisa egokituko dira.

Don Bosco LHIIko eremuari dagokionez, gauean bertako hesia itxita egongo da. Hala, uztailaren 2eko 10:00etatik datorren asteko osteguneko (uztailak 10) 15:30a bitarte lagako die Don Boscok espazio hori bizilagunei egunean zehar libreki aparkatzeko, Pasaiako Udalarekin erdietsitako akordioari esker. Zentroaren bi aparkalekutan aparkatu ahal izango da, guztira 120 plaza baino gehiago gehituaz antxotarrek aparkatzeko izango dituzten eremuei.

Aparkaleku horretako hesia gauez itxi egingo da. Zehazki, egunero 06:30ean zabalduko dute eta 22:30ean itxiko dute berriro. Gaueko ordu horretatik goizeko zortzietara arte, beraz, autoak ezin izango dira aparkalekuan sartu, ezta bertatik atera ere, baina barruan gelditu ahalko dira aparkatuta.

Balizatutako guneak

San Fermin jaietako ferien muntaketa dela eta, ezin izango da Luzuriagako aparkalekuan balizatutako guneetan aparkatu, uztailaren 1eko (asteartea) 08:00etatik, uztailaren 9ra, (asteazkena) arte. Kupeldegi eta Blas de Lezo arteko Hamarretxeta kalean ere ezin izango da aparkatu uztailaren 3ko (osteguna)  goizeko 8etatik uztailaren 8ra (asteartea) bitartean, bertan postuak jarriko direlako.

Bestalde, uztailaren 4tik uztailaren 9ko 07:00ak arte Pasai Antxoko kale hauek zirkulaziorako itxita geratuko dira: Hamarretxeta, Zumalakarregi, Oarso eta Gure Zumardia.

Herriko sarrerak ohikoak izango dira: Eskalantegi eta Oarsoko zubia. Baina trafiko perimetrala ezarriko da kale hauetatik: Eskalantegi, Luzuriagako aparkalekuaren perimetrala, Gelasio Aranburu, Blas de Lezo eta Maiatzaren Lehena.

Herritik ateratzeko bideak, berriz, honakoak izango dira: Papingo bidea, Luzuriaga-Gelasio Aranburu-Oarsoko biribilgunea, edo Blas de Lezo.

Udaltzaingoak ohartarazi du balizatutako guneetan aparkatzen duten ibilgailuei isuna ezarriko zaiela, eta garabiarekin erretiratuko dituztela horiek.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Udaltzaingora dei dezakete bizilagunek: 943 00 43 00.