Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2021/10/04
Donibaneko saneamenduari buruzko informazio eta parte-hartze prozesuaren hasiera
Urriaren 14an Juanba Berasategi aretoan
Pasaiako Udalak urriaren 14an abian jarriko du Donibaneko saneamenduaren aurreproiektuari buruzko informazio publiko eta parte-hartze prozesu bat. Konponbidea Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuko teknikariek diseinatu dute, eta eragindako bi erakundeen adostasuna du: Añarbeko urak eta Ura. Izaskun Gomez alkateak honako hau adierazi du: "ezinbestekoa da barrutiko bizilagun guztien partaidetza izatea, konponbidea guztiek onartu behar baitute".
Jendaurreko informazio- eta parte-hartze prozesuari hasiera emateko, informazio-saio bat egingo da urriaren 14an 19:00etan Donibaneko kulturguneko Juanba Berasategi aretoan, proposatutako konponbidea landu duten Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Departamentuko teknikarien eskutik. Bizilagunek zuzenean kontsultatu ahal izango dituzte haien zalantzak, edo obraren xehetasunei buruzko informazioa eskatu ahal izango diete.
Horrez gain, urriaren 15etik azaroaren 11ra 16:00etatik 19:00etara erakusketa bat egongo da ikusgai Pasaian bizi diren pertsona guztientzat. Bertan informazio-saioaren bideoa eta aurreproiektuari buruzko informazio-panelak izango dira, interesdunek kontsulta ditzaten. Halaber, eskuorri bat emango zaie, saneamendu-aurreproiektuaren datu esanguratsuenekin. Halaber, idatziz ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera emango zaie, horretarako jarritako kutxa batean sartu ahal izango dituzte.
Covid 19agatik ezarritako aforo-murrizketak direla eta, urriaren 14an Donibaneko kulturguneko Juanba Berasategi aretoan izango den informazio-saiora etortzeko, aldez aurretik doako gonbidapen bat jaso beharko da. Saiora joan ezin dutenek streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute udaleko web orrian eta sare sozialetan. Ondoren, bai saioaren grabazioa eta bai erakusketan ikusgai jarriko den informazio guztia udalaren web orrian eta sare sozialetan egongo da eskuragarri herritar guztientzat.