Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2025/05/14

Pasaiako alkateak Aldundiari eskatu dio Donibaneko saneamendu lanak urtea amaitu baino lehen has ditzan

Alberrok hartutako konpromisoak urgentziaz betetzeko eskatu dio Jasangarritasun diputatuari

Pasaiako alkate Teo Alberrok gutun bat bidali dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiori, Donibaneko barrutiko saneamendu-lanen hasierako atzerapenei amaiera emateko eta lanak "2025 urtea amaitu baino lehen" hasteko eskatuz.

Testuan, Alberrok Udalaren eta, bereziki, Donibaneko bizilagunen "kezka sakona" adierazten du, justifikaezina deritzon atzerapen baten aurrean: "Herritarrek urteak daramatzate aspaldi gauzatu behar zen oinarrizko azpiegitura bat eskatzen, indarrean dagoen legeriaren eta hartutako konpromiso instituzionalaren arabera".

Udalak gogorarazi du 2023an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pasaiako Udalak eta inplikatutako beste erakunde batzuek, eta hitzarmen horretan obraren lehen faserako finantzaketa eta gauzatze-epeak ezartzen zirela. Bi urte geroago, "Udalarekin ez ezik, herritarrekin ere hartutako konpromisoak ez dira bete eta enegarren aldiz ezerezean geratu dira", deitoratu du alkateak.

Udalak dagoeneko bete ditu hitzarmenean ezarritako konpromiso guztiak: beharrezko baimenak eskatzea, eta obra hori gauzatu ahal izateko partida gaitzea udal aurrekontuetan (2023tik jasota egon dena urtero). Hala ere, proiektuak geldirik jarraitzen du.

Eskutitzean, Pasaiako alkateak lau eskaera zehatz egin dizkio Jasangarritasun Sailari:

  1. Donibaneko saneamendu-proiektuarekin duen konpromisoa berrestea eta lehenbailehen kontratatzea Obra Hidraulikoen zuzendariarekin adostu berri den fasearen idazketa.
  2. Pasaiako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena berritzea, konpromiso ekonomikoak eta lehen fasearen gauzatze-epeak berriro formalizatuz (Bizkaia-Juan XXIII tartea).
  3. Obrak lizitatu eta hastea proiektua amaitu bezain laster, lanak urtea amaitu baino lehen has daitezen.
  4. Proiektuaren planteamendu berria herritarrei jendaurrean aurkeztea, 2021eko urrian egin zen bezala.

"Oraingo honetan ulertzen dugu obrak badituela hori lehenbailehen gauzatzeko behar diren osagai guztiak: konpromiso soziala, akordio ekonomiko eta instituzionala eta urteak itxaroten daramatzan herria", dio Alberrok. "Espero dugu, diputatuaren gidaritzapean, Pasaiak hainbeste espero eta behar duen proiektu honi behin betiko bultzada ematea".