Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/01

Jasangarritasun Departamentuak Pasai Donibaneko saneamendu obrak hasi ditu

Jarduketak 1,3 milioi euroko aurrekontua du eta zortzi hilabeteko gauzatze-epea

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Pasai Donibaneko saneamenduaren lehen faseko obrak hasi ditu.  Lehenengo eta behin, Bizkaia plaza hesitu eta itxiko da; bertan eraikiko da ponpaketa estazioa, handik hondakin urak Loiolako araztegiraino eramateko, han tratatu daitezen. Esparru horren barruan, teknikarientzako etxolak eta beharrezko segurtasun eta higiene baliabideak instalatuko dira.

Obra Ansareo Obras, Construcciones y Conservación SA enpresari adjudikatu zitzaion, 1.350.339 euroan, BEZa barne, eta zortzi hilabeteko epea du obrak egiteko.  

Jasangarritasun Departamentuak, Pasaiako Udalak, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Añarbeko Uren Mankomunitateak lortutako akordioari esker jarri da abian jarduera estrategiko hori.

Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatuak hasiera honen esanahia azpimarratu du: "Abian dira dagoeneko Donibaneko saneamendu lanak.  Herritarrek aspalditik eskatzen zuten jarduketa da, eta, horretarako, zailtasun teknikoak gainditu eta erakundeen arteko akordioak lortu behar izan dira.  Lan partekatu horri eta Jasangarritasun Departamentuaren bultzadari esker, aldarrikapen historiko bati erantzuten diogu gaur".

Bestalde, Teo Alberro Pasaiako alkateak azpimarratu du obren hasiera "oso urrats garrantzitsua dela Donibanerako eta Pasaiako badia osorako". "Herriak urte asko daramatza jarduera hori eskatzen, eta behar nabarmen bati erantzuten dio, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai auzotarren bizi kalitatearen ikuspegitik", adierazi du.   Alberrok "Donibaneko herritarren konstantzia eta errebindikazio gaitasuna" nabarmendu nahi izan ditu, "urteetan zehar gehiago luzatu ezin zen egoera bat amaitzeko beharra defendatu baitute".  Ildo horretan, "gaur benetan pozik egoteko eguna dugu, aldarrikapen historiko hori obra zehatz bat eta badia osasungarriago bateranzko benetako aurrerapen bat bihurtzen hasten delako".

Pasaiako badiarako funtsezko jarduera

Obrak Bizkaia plazaren inguruan, Juan XXIII.a kalean eta Donibane kalearen hasieran egingo dira, eta ponpaketa estazioaz gain, saneamendu sare bereizle berri bat eraikitzea barne hartzen dute.

Jarduketa horri esker, herritarren heren batek, gutxi gorabehera, sortutako hondakin urak bildu ahal izango dira —gaur egun badiara zuzenean isurtzen dituzte—, horrela, espazio horren gaineko ingurumen inpaktua nabarmen murriztuz eta bertako uren kalitatea hobetuz. 
Hondakin urak eta euri urak bereizteko kolektore berriak jartzeaz gain, obrek zoladurak, hiri zerbitzuak eta espazio publikoak berrezartzea aurreikusten dute, lanak amaitu ondoren.

Jarduketa hori aurrera ateratzeko lortutako akordio instituzionalaren esparruan, Jasangarritasun Departamentuak proiektuaren % 30 finantzatzen du, eta bere gain hartzen du obren gauzatze teknikoa, lizitazioa, kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskapena barne.

Bestalde, Pasaiako Udalak jarduketarako beharrezkoak diren lurzoruak jarriko ditu eskura, euri-urak jatorrian bereiztea gauzatuko du saneamendu sarean sar ez daitezen, eta trafikoaren kudeaketa, mugikortasuna, herritarrekiko komunikazioa eta obrak egin bitartean sor daitezkeen gorabeheren konponbidea koordinatuko ditu.

Jarduketa hori Donibaneko saneamendu integralaren lehen fasea da, eta hainbat hamarkadatan Pasaiako badiara isurketak eragin dituen saneamendu sare zaharkitu bat eraldatzen hasteko aukera emango du. Obra horiek hasita, urrats erabakigarria egin da badiaren ingurumena lehengoratzeko, eta auzoko bizilagunen aldarrikapen historiko bati erantzun zaio.

Urriaren 5etik aurrera obrak izango dituen ondorioak

Urriaren 5etik aurrera obrek aldaketak eragingo dituzte Bizkaia plazan. Zehazki, zortzi hilabetez, gutxi gorabehera, ondoko aparkalekuetako eta lorategietako zati bat hartu beharko da, obra eremua egokitzeko. Eremu horretan, obratarako behar diren bitartekoak eta materialak jarriko dira, edukiontziak, ibilgailuak eta laneko ekipamenduak barne. Udaltzaingoa arduratuko da eragindako eremua hesitu eta seinaleztatzeaz. Udalak mugikortasuna errazteko eta, ahal den neurrian, lanek eragindako eragozpenak murrizteko lan egingo du.

Alkateak eskerrak eman dizkie herritarrei aldez aurretik "erakutsi duten pazientziagatik eta lankidetzagatik", eta ziurtatu du Udalak lan egingo duela "afekzioak ahalik eta eta txikienak izan daitezen, komunikazio hurbila mantenduz eta lanak egitean sor daitezkeen beharrei erantzunez". "Beharrezko eta etorkizuneko obra baten aurrean gaude. Saneamendua hobetzeak badia babestea, isurketak murriztea eta Pasaia jasangarriago eta bizitzeko espazio hobeak izango dituen baterantz aurrera egitea esan nahi du. Badakigu bide luzea daukagula aurretik, baina gaur pauso garrantzitsu bat ematen ari gara eta lanean jarraitu behar dugu Donibaneko saneamendu integrala osatzeko", amaitu du Alberrok.          

"Badakigu Donibaneko erdigunean egingo den obra honek auzoko eguneroko bizimoduari eragingo diola. Udalarekin koordinatuta lan egingo dugu herritarrei informazioa emateko eta sor daitezkeen gorabeherei erantzuteko. Helburu partekatuak merezi du ahalegin hori: isurketak amaitzea eta badia garbiago baterantz aurrera egitea", adierazi du bukatzeko Asensiok.