Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2021/07/29

San Pedroko kioskoa, plazara

Udalak kioskoa lonjako plazan jartzeko proiektua enkargatu du

Badira 10 urte San Pedroko frontoian zegoen kioskoa Torreatzera eraman zela, bestelako planik gabe. Urteak joan, urteak etorri, kioskoa han egon da, norbaitek bere behin betiko kokapenerako plan hoberik eduki zain, eta, bidea erraza izan ez den arren, azkenean helburu hori bete ahal izango da.

Nahikari Otermin San Pedroko alkateorde eta hirigintza zinegotziak aurreratu duenez, "Urte hauetan hainbat arrazoirengatik aurrera egin ez duten hainbat kokapen aztertu dira. Lonjako plazako obraren bigarren faseari ekingo zaiola ikusita, eta hori jartzeko kokaleku egokiena dela iritzita, Udalak aukera horrekin aurrera egitea erabaki du.

Aspaldiko aldarria izan da sanpedrotarren artean kioskoarentzako kokapen duin bat topatzea. Otermin jeltzalearen hitzetan, “orain arte ez dira behar bezalako baldintzak eman horretarako, eta ez dugu aukera hau galtzen utzi nahi izan”.

Alde batetik, kioskoa berrituko da eta, bestetik, arrapala bat jarriko da kioskoaren inguruan, bertara iristeko. Horrela, bertan antolatzen diren emanaldietarako materiala errazago igo ahal izango da; baina, batez ere, mugikortasun urriko pertsonak ere igo ahal izango dira bertara.

Jarduera horrek dakarren kostu eta exekuzioari dagokionez, Otermin jeltzaleak adierazi du kioskoaren berritze-lanak udalak hartuko dituela bere gain, eta kioskoa irisgarria izateko lanak, berriz, Portu Agintaritzak egingo dituela, lonjako plaza berriarekin batera.