Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2024/04/03

San Pedroko Arraunlari kaleko zoladura berrituko du Pasaiako Udalak

Lanak apirilaren 8an hasi eta 12an bukatuko dira, eta atalka egingo dira, bizilagunen egunerokoan ahalik eta eragin gutxien izan dezaten.

Apirilaren 8an San Pedroko Arraunlari kaleko zoladura berritzeari ekingo dio Pasaiako Udalak. Hormigoitzeari esker errepidea lautuko da, eta egungo zuloak eta areken egoera konponduko dira.

Horrez gain, ibilgailuentzako plazak neurtu eta berriro margotuko dira, oinezkoentzako guneak errespetatu, trafikoa ordenatu eta espazioari ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuz. Bide-marrak ere berriz margotuko dira, bai eta bertakoentzako eremua adierazten dutenak ere.

Lanak apirilaren 8tik 12ra bitarteko lan-asterako antolatu dira, eta 3-4 egun beharko direla aurreikusi du Zerbitzu Sailak, betiere baldintza klimatologikoek lanean jarraitzea ahalbidetzen badute.

Lanak egunez egingo dira, eta sarbideen eta mugikortasunaren kudeaketa Pasaiako Udaltzaingoaren eta lanak egiteko kontratatutako enpresaren artean koordinatuko dira.

Mugikortasuna

Udaltzaingoak jakinarazi du bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko moduan jardungo dutela lanek dirauten bitartean. Hala, egun bakoitzean asfaltatuko den zonaldea balizatu, ibilgailuz hustu eta by-passa ezarriko dute, hartara beste pasabide bat eskainiko zaie ibilgailuei portuko eremutik. Modu horretan, lanak egikaritzea eta ibilgailuen mugikortasuna bermatuko dira.

Lanek ahalik eta eragin txikiena izateko, soilik egun bakoitzean asfaltatuko den eremua balizatuko da, eta Arraunlari kalearen gainontzeko espazioa aparkatzeko libre utziko da. Balizatuko diren eremuetan aldez aurretik kartelak jarriko dituzte Zerbitzuetako langileek, ezarritako lan-egunak eta ordutegiak zehaztuta.