Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/05/09
San Pedroko kioskoa erretiratzeko lanak maiatzaren 12an abiatuko dira
Sanpedrotarren iritziak jaso ondoren, kioskoa kendu eta espazio hori berreskuratzea erabaki du Udal Gobernuak

Pasaiako Udalak astelehen honetan, maiatzaren 12an, hasiko ditu San Pedroko kioskoa erretiratzeko lanak, gaur egun betetzen duen plaza askatuz. "Jarduera horrek sanpedrotarrek kiosko horrekin zerbait egiteko egindako eskaerari erantzuten dio, eta apirilaren 10eko batzar irekian bildutako iritzien emaitza da", adierazi du Miguel Mari Torrea San Pedroko alkateordeak.
Kioskoa kentzeko lanek hiru eta lau egun arteko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta 5.750 euroko (gehi BEZ) aurrekontua aurreikusi da. Ondoren, Udalak liberatutako espazioa birgaituko du erabilera publikorako.
Herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoarekin bat etorriz, Udal Gobernuak bilera ireki bat antolatu zuen sanpedrotarrekin kioskoaren etorkizunaz kolektiboki eztabaidatzeko. Lehenik eta behin, Udalak azterketa tekniko bat eskatu zuen, azpiegitura hori barrutian birkokatzeko aukera desberdinak aztertzeko. Azterlan horretatik abiatuta, San Pedroko bizilagunekin bilera ireki batera deitu zen, eta 40 pertsona inguru bertaratu ziren.
Bileran, bi aukera nagusiak aurkeztu ziren:
- Kioskoa birgaitzea eta Torreko plazara eramatea. Jarduketa horrek 150.000 eta 200.000 euro arteko inbertsioa eskatuko luke, eta gutxienez 18 hilabeteko epea.
- Kioskoa egungo lekutik kendu eta plaza erabilera publikorako berreskuratzea, 7.000 euro inguruko kostuarekin eta aste gutxiko epeekin.
"Udal Gobernuaren iritzia bigarren aukeraren aldekoa zen, eta bilera horretan plazaratu genuen", adierazi du Laura Ré Lozano Partaidetzako zinegotziak: "Birgaitzeak eta birkokatzeak zuten kostua oso desproportzionatua zen gaur egun Pasaiak dituen gizarte- eta hirigintza-premiak kontuan hartuta; eta horregatik, kioskoa kentzea zen guretzako arduratsuena”. Hala ere, hasieratik herritarrei galdetzearen eta haien ikuspuntuak jasotzearen aldeko apustua egin zen.
Horretarako, sanpedrotarrak bilera ireki batera deitu zituen Udalak. "Emaitza garbia izan zen", zehaztu du Rék: "Gobernuak bere ikuspuntua azaldu zuen, eta proposamenak babes zabala jaso zuen". Zehazki, bertaratutako 10 pertsonatik 7k bigarren aukera babestu zuten (kioskoa kentzea, berriro jarri gabe).
Parte-hartze maila handia eta proposamenaren babesa ikusita, Udal Gobernuak honako urrats hauek aktibatu zituen ondorengo asteetan: erabakia bertaratutakoei jakinaraztea, hedabide eta kanal ofizialen bidez jendaurrean informatzea, kioskoa kentzeko zerbitzua kontratatzea eta plaza txukuntzea.
Torrea alkateordeak herritarren parte hartzea eskertu nahi izan du eta ekintza honen zentzua azpimarratu: "Eskerrak eman nahi dizkiegu bilerara joan ziren sanpedrotar guztiei, bai entzutera bai proposamen berriak egitera. Haien inplikazioa funtsezkoa izan da erabaki hau modu partekatuan, gardentasunez eta elkarrekiko errespetuz har zedin".






