Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2025/02/20
Pasaiako Haur eta Nerabeek Eskubidean planaren V. Saio Bateratuan parte hartu dute
100 haur eta nerabe baino gehiago elkartu dira Juanba Berasategi aretoan udaleko ordezkari politiko eta langileekin batera
Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egin da Eskubidean Pasaiako Haur eta Nerabeen eskubideak bermatzeko planaren V. Saio Bateratua. Pasaiako hiru ikastetxeetako 100 haur eta nerabe baino gehiagok euren kezkak eta beharrak eta ikasturtean zehar landuriko proposamenak partekatu dituzte udal ordezkari eta langileekin. Izan ere, saioan izan dira La Anunciata, Karmengo Ama eta Pasaia-Lezo Lizeoko 10 eta 16 urte bitarteko gazteak, Pasaiako Udaleko hautetsiak, teknikariak eta udal zerbitzuetako langileak (Gaztelekua, Kuadrillategi, Ludoteka, kale-hezitzaileak).
Solasaldi horretan aurretiaz 3 ikastetxeetako kideek landu dituzten proposamenak azaldu dira. Udal gobernuak eta Udal Zerbitzuen guneak atera diren proposamenen artean zeintzuk eta nola bideratuko dituzten azaldu dute.
Proposamen bakoitza irudi baten bidez ilustratu dute eta badia irudikatzen duen mapa erraldoi batean kokatu dituzte.
Teo Alberrok hartu du hitza eta honakoa adierazi du: "ikasturte honetan zehar ikastetxeetan egin dituzten proposamen, ekarpen, kexa eta zalantzak jaso ditugu, eta baita aztertu ere. Horietako asko martxan daude, beste batzuk egingarritzat jo ditugu epe labur-ertainera, eta gutxi batzuk udaletik bideratzeko zailak dira. Horien inguruan hitz egingo dugu; bizipenak elkarbanatu eta elkarri entzungo diogu, eta horregatik da hain garrantzitsua urteroko topagune hau guretzat".
Parte-hartze zinegotzia den Laura Rék honako hau gaineratu du: “ekarpenetan jasotako kezketako asko zuzenki lotuta daude garatzen ari garen zenbait parte-hartze prozesurekin. Eskubidean planak aukera ematen digu haur eta nerabeen iritzia kontuan hartzeko udal politikak garatzeko garaian, eta, horrez gain, ahalegintzen ari gara beste espazio batzuk ere zabaltzen haien ekarpenak helarazteko udalera; adibidez, gaur etorri diren askok parte hartu zuten Gure Zumardia diseinatzeko parte-hartze prozesuan adingabeekin egin genuen saio espezifikoan".
Saioaren lehenengo zatia amaitu, eta hamaiketakoa egin ondoren, aurretiaz izen-emate galdetegian aukeraturiko gaiaren arabera, 3 talde sortu dira, ondorengo galderei buruz hausnartzeko:
1.-Nola egin diezaiekegu leku gehiago egunerokoan sexu- eta jatorri-aniztasuna duten pertsonei bizikidetzaren alde?
2.-Nola mugitzen gara herrian? nola joaten gara eskolara?
3.-Nola bizi ditugu haur eta nerabeentzako espazioak (kirol espazioak, liburutegiak...)?
Amaieran, saioaren balorazio orokorra egin da mural batekin. Pertsona bakoitzak hautatu du balorazioaren araberako kolore bat eta bere eskuaren marka utzi du muralean, talde argazkia egin aurretik.