Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2020/08/22

Jatetxe eta tabernetan menuen QR kodeak euskaraz jartzeko eskaintza

Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen laguntzarekin, QR kodeak eskaintzen ari dira hiru herrietako jatetxe eta tabernetan. 

Covid 19ak eragindako osasun krisiaren ondorioetako bat izan da ostalaritza establezimenduetako menuak, kartak edota prezio-zerrendak digitalak izaten hastea. Dakizuen bezala, azalera fisikoekin ukipena ahalik eta gehien murriztea da horren arrazoia. Eskualdeko udalek QR kode horien bidez ikusiko diren plater eta produktu eskaintzak euskaraz agertzea, edota euskaraz ere agertzea nahi dute. Izan ere, presaren eta inertzien ondorioz, nahiz horren aitzakian, kartak eta menuak erdaraz bakarrik agertzen dira, eta horri aurre egiteko doako eskaintza egiten ari dira herrietako jatetxeei. 

Establezimenduek QRan jarri nahi duten menua, karta nahiz zerrenda udaletik joango den teknikariari helarazi beharko diote, edota udaleko Euskara Zerbitzura eraman beharko dute. Egun batzuen buruan prest izango dute QR kodea, euskara lehenesten dela. Euskarara udalak itzuliko die, baina gainerako hizkuntzetakoa egina ekarri beharko dutela adierazi dute ekimenaren arduradunek.

QR kodea euskaraz nahi baduzu, beraz, jo zure herriko udaleko euskara zerbitzura.