Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2026/10/28

‘Mapa morea eta puntu ilunak’ prozesua abiatuko du Pasaiako Udalak

Herritarren bizipenetatik abiatuz, espazio publikoa ikuspegi feministatik aztertzea izango da helburua

Pasaiako Udalak Mapa morea eta puntu ilunak prozesua jarri du abian, udalerria ikuspegi feministatik aztertzeko eta espazio publikoak herritar guztientzat bidezkoagoak, seguruagoak eta bizigarriagoak izan daitezen proposamenak lantzeko.

Prentsaurrekoa egin dute urriaren 28an Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotzi arduradunak, Julen Rodriguez Podemoseko gobernukideak eta Enara Mecerreyes EAJ udal taldearen ordezkariak, alderdi horrekin adostu baitzuen gobernuak 2026ko aurrekontuen negoziaketan proiektu hau martxan jartzeko partida osatzea. Azalpen teknikoak Projekta Urbes enpresako Miren Vivesek eman ditu agerraldian.

Proiektuak elkar osatzen duten bi kontzeptu jasotzen ditu. Puntu ilunen diagnostikoak autonomia mugatzen duten espazioak eta egoerak identifikatuko ditu: besteak beste, beldurra edo segurtasunik eza eragiten duten lekuak, arrisku eta istripuekiko babesik ez duten eremuak, irisgarritasun-arazoak dituzten guneak eta mugikortasuna edo eguneroko denboraren kudeaketa zailtzen dutenak.

Mapa morea, ordea, kontzeptu zabalagoa da. Udalerria ikuspegi feministatik irakurtzeko aukera ematen du, emakumeen memoria historikoa gordetzen duten espazio esanguratsuak, zaintza eta bizitza erreproduktiboa errazten dituzten eremuak eta bizitza komunitarioa sustatzen duten guneak identifikatuz, besteak beste. Lan hori bigarren fase batean garatuko da. Bi begiradak osagarriak dira: batetik, autonomia mugatzen duten oztopoak aztertzea; bestetik, emakumeen eta historikoki zapalduak izan diren kolektiboen bizitza erdigunean jartzen duten espazioak aitortu eta sustatzea.

Aurrekariak

Pasaian badago aurrekari bat: 2015ean egindako Oarsoaldeko Puntu Ilunen Diagnostiko parte-hartzailean, herriko 16 puntu identifikatu ziren. Prozesu berriak aurreko lana eguneratuko du, eta azterketa zabalago batean kokatuko du.

Izan ere, espazio publikoen erabilera ez da berdina pertsona guztientzat. Kaleen diseinuak, argiztapenak, irisgarritasunak, garraio-aukerak edo zaintza-lanak egiteko baldintzek eragina dute pertsonen egunerokoan eta herrian modu autonomoan mugitzeko aukeretan. Horregatik, diagnostikoak ez du segurtasunaren ikuspegia soilik landuko, eta lau arlo nagusi aztertuko ditu: eraso eta mehatxuekiko segurtasuna; arrisku eta istripuekiko babesa; irisgarritasun unibertsala; eta mugikortasuna eta denbora.

Denontzako herria, herri feminista

Aintzane Tabernaren hitzetan, “espazio publikoa ez da neutroa: kaleak eta plazak diseinatzeko, antolatzeko eta erabiltzeko moduak eragina du pertsonen eguneroko bizitzan, mugitzeko askatasunean eta autonomia-mailan. Ikuspegi feminista txertatzea herria nola eraikitzen eta antolatzen dugun berrikustea da, pertsona guztien beharrak kontuan hartuz”.

Zinegotziak azpimarratu duenez, “askotan, segurtasunaz hitz egitean, erasoen beldurra edo argiztapen falta datozkigu burura. Baina ikuspegi feministak harago begiratzera gonbidatzen gaitu: nork erabiltzen ditu espazioak? non eta nork zaintzen du? zer oztopok baldintzatzen dute gure mugikortasuna? eta nork sentitzen du herria berea dela?”.

Ikuspegi horretatik, puntu ilunak identifikatzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. “Herri bizigarriagoa eraikitzeko, oztopoak ez ezik, emakumeen memoria, zaintza eta bizitza komunitarioa erdigunean jartzen dituzten espazioak ere aitortu eta sustatu behar ditugu. Horregatik, mapa morea eta puntu ilunen diagnostikoa elkar osatzen duten bi begirada dira”, azaldu du Tabernak.

Herritarren bizipenak, diagnostikoaren oinarri

Prozesuaren funtsezko zatia herritarren parte-hartzea izango da. Ez da beharrezkoa hirigintzan aditua izatea: Pasaian bizitzeak, lan egiteak, ikasteak edo bertako kaleak erabiltzeak ematen duen ezagutza da behar den bakarra.

Lehen fasean, hiru saio egingo dira (guztietan haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da behar duenarentzat; horretarako, berdintasuna@pasaia.net helbidera mezua bidal daiteke):

  • Saioa Jabetze Eskolarekin eta Berdintasun Mahaiarekin. Azaroaren 4an, Antxoko Kultur Etxeko beheko solairuan, 19:00etan.
  • Saio irekia herritarrekin. Azaroaren 12an, Donibaneko Juanba Berasategiko aretoan, 18:30ean.
  • Saio bateratua, emaitzak lantzeko. Abenduaren 1ean, Donibaneko Juanba Berasategiko aretoan, 18:30ean.

Prozesuan emakumeen esperientziei arreta berezia eskainiko zaie, eta adin, jatorri, gaitasun eta bizi-baldintza desberdinetako pertsonen begiradak jasotzea bilatuko da. Helburua da egunerokoan hautematen diren arazoak, beharrak eta hobekuntza-aukerak ezagutzea, errealitate eta bizipen askotarikoak kontuan hartuta.

Aurrez aurreko saioekin batera, Udalak galdetegi digital bat jarri du herritarren eskura. Bertan ekarpenak azaroaren 20ra bitarte egin daitezke: 

GALDETEGIA