Eduki publikatzailea
Argitaratze-data: 2024/09/19
Kultur egitarau oparoa aurkeztu da hurrengo hilabeteetarako
20 ekitaldi baino gehiago irailetik abendura

Udalak datozen hilabeteetarako antolatu duen kultur egitarau eskaintza aurkeztu du.
Ekitaldian Aitor Brion (Kultura eta Ondareko zinegotzia), Beatriz Caballero (Kultura teknikaria), Alazne Mendikute (Jaietako dinamizatzailea), Aitziber Zinkunegi (Liburutegietako arduraduna) eta Gorka Miranda (Pasaia Musikaleko zuzendaria) izan dira.
“Udari agur esatearekin batera eman diogu ongietorria udazkenari, eta horrekin batera 20tik gora ekimen bildu dituen kultur programazioari. Datozen hilabeteotan antzerkia, musika, literatura, dantza, filmak, erakusketak... denetarik izango dugu herriko lau barrutietan” adierazi du Aitor Bion zinegotziak.
Aurretik programatutako zenbait ekintza ere egun hauetan garatuko direla gogorarazi nahi izan du Pasaiako Udalak, esaterako, ostiralean Antxon, “Zinema Kalean” egitasmoko azken filma proiektatuko da (Bidasoa). 22:00etarako aurreikusia dago ekimena Biteri plazan, baina euria egiten badu, Kultur Etxean izango da.
“San Pedroko Mendi Jaiak irailaren 20tik 22ra ospatuko direla ere gogorarazi nahi dugu” gaineratu du Mendikute teknikariak.
Ez hori bakarrik, irailaren 22an“Tabuen Kutxatik Oholtzara” izena duen bertso saio musikatu solidarioa izango da Juanba Berasategi Kultur Aretoan, 18:00etatik aurrera.
“Gaur aurkezten dugun programa berriari irailaren 20an emango zaio hasiera “Eutsi Ramon!” izena duen antzerkiarekin” esan du Caballero Kulturako teknikariak. Irailaren 29an beste antzerki emanaldi bat antolatu da Donibanen: “Susto” izeneko antzezlana.
“Urritik abendura bitarte, adin guztientzako ekimenak programatu ditugu udal liburutegietan. Alde batetik, ipuin kontaketak izango dira lau barrutietan eta 16 urtetik gorakoentzat Irakurketa Kluba eta liburu aurkezpenak ere izango ditugu” esan du Aitziber Zinkunegi liburutegietako arduradunak.
Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldiak (PUAJ) ere urrian hasiko dira eta abendu arte iraungo dute.
Kontu Kantari ekimenaren azken bi saioak datozen hilabeteetan izango dira: azaroaren 17an “Gari bakarka” eta abenduaren 1ean “Esti eta Mikel Markez”. Musikariak entzun eta beraiekin solastatzeko aukera bikaina izango dute pasaitarrek.
Ikuska (Pasaiako Badiako film laburren 26. erakustaldia) azaroan izango da, 16tik 23ra.
“Tartean, azaroaren 22an, Santa Zeziliako kontzertu berezia antolatuko dugu, 19:00etan, Trintxerpeko Andonaegi Jauregian” adierazi du Gorka Miranda Pasaia Musikaleko zudendariak.
“12 cm Artelanen erakusketa kolektiboa” abenduaren 13tik urtarrilaren 19ra izango da aurten, San Pedroko Udal Aretoan eta dohainik.
“Egitarau zehatza Udaleko webgunean kontsulta daiteke, eta plataforma horretan nahiz udal sareetan egingo dira, halaber, eguneraketa guztiak”, zehaztu du Brionek. “Beti bezala, sarrera guztiak Bibe plataforman izango dira eskuragarri eta egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere izango dute herritarrek, emanaldiak baino lehen. Hori esanda, pasaitar guztiak kulturaz gozatzera animatu nahi ditut! Adin eta interes guztientzako eskaintza programatzen saiatu gara, beraz, hurbildu gozatzera”, amaitu du.
Pasaiako Kultura Mahaia eratuko da
Agerraldia amaitzeko, Aitor Brionek jakinarazi du Pasaiako Udala lanean ari dela dagoeneko Pasaiako Kultur Mahaia eratzeko: “Diziplina guztietako eragileen bilgunea izateko asmoarekin jaioko da foro hori. Bertan, gainera, Pasaiako Kultur Plan Estrategikoa 2025-2030 eztabaidatuko dugu. Lehen bilkura azaroan izatea aurreikusten dugu baina aurrerago emango dugu informazio zehatzagoa, eta herriko eragileekin bilerak egingo ditugu banan-banan".







