Eduki publikatzailea

Argitaratze-data: 2022/06/10

Prentsa oharra: Hasi da Luzuriagako erabilerak eta edukiak definituko dituen parte-hartze prozesua.

Izaskun Gómez: Luzuriagako gizarte eta kultura-zentroaren proiektua Pasaiak eta pasaitarrek behar dutena izango da.

Pasaiako Udalak abian jarri du Luzuriagako bulego-eraikinaren erabilerak eta edukiak zehazteko prozesu parte-hartzailea. Eraikin horretan udalerrirako kultura- eta gizarte-zentro handi bat garatzea aurreikusi du. Bilerak ostegun honetan hasiko dira, ekainak 9,  Pasai Antxoko Kultur Etxean, eta Conexiones Improbables euskal aholkularitza-enpresak dinamizatuko ditu. Esperientzia handia du zeregin horietan, oinarri artistiko eta kulturaleko metodologiak aplikatzen ditu eta New European Bauhauseko lehenengo erakunde bazkideetako bat da.

Pasaiako alkate Izaskun Gomezek oso positibotzat jo du parte-hartze dinamikaren hasiera: «Uda aurretik hasiko ginela iragarri genuen, eta esandakoa bete dugu». Era berean, alkateak nabarmendu du prozesuan gizarte-eragile eta herritarren lagin zabal batek parte hartuko duela, eta  erabat ziur dagoela “parte-hartze prozesutik ateratzen den proiektua Pasaiak eta pasaitarrek behar dutena” izango dela.

Prozesuak Antxoko barrutiko herritarren eta gizarte- eta kultura-eragileen parte-hartze zabala bermatuko du, eta horiek bi taldetan egituratuko dira: Talde Eragilea eta Talde Zabala. Lehen taldea Pasaiako gizarte- eta kultura-sareko 8-10 ordezkarik osatuko dute. Taldeak bi bilera egingo ditu ekainean, eta bilera horietan partaideak saiatuko dira zehazten edukiak eta jarduerak zein ardatzen inguruan garatuko diren, proiektu osoa koherentea izan dadin. Talde Zabalak, izenak berak adierazten duen bezala, parte-hartzaile gehiago bilduko du, eta horiei eskatuko zaie  Talde Eragilean egindako planteamenduak aberasteko eta zehazteko ekarpenak egin ditzaten. Talde hori ere barrutiko gizarte-ehuneko hainbat kidek osatuko dute, baina zabalagoa izango da, eta beste sektore eta arlo batzuk ere hartuko ditu barne. Helburua da partaidetza-dinamikaren amaieran Luzuriagako bulegoak hartuko duen kultura- eta gizarte-zentroaren erabilera, eduki eta zerbitzuen definizio orokor bat zehaztea.

Udalak eraikina erosteko egin dituen gestioei dagokienez, Izaskun Gomezek adierazi du Nafarroako Gobernuarekin, Kreditu Ofizialeko Institutuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako elkarrizketen ondoren, gestioak erritmo onean doazela, eta inplikatutako alde guztiak ados jartzeko prest agertu direla.