Eduki publikatzailea

Prentsa oharra: Euskararen Nazioarteko Eguna

Abenduaren 3an, Antxon

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela -eta, Pasaian euskarak dituen erronkak plazaratu nahi ditu. Modu alai batean erronka horiek partekatu eta herritarrak bat egitera deitu nahi ditugu prestatu dugun ekitaldian. Pasai Antxoko Zumardian izango da ekitaldia eguerdiko 12:00etan. Eguraldi txarra eginez gero, Ibaiondo pilotalekuan egingo dugu.

Aurten bi erronka nagusi plazaratu nahi ditugu; batetik, Pasaiako haur eta nerabeen aisialdi eskaintza euskaraz izan dadin bermatzea; eta bestetik, herritarrak aktibatu eta euskararekin konprometitzera animatu nahi ditugu.

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak premiazkoa ikusi du haur eta nerabeen aisialdia euskaraz izatea bermatzeko beharra. Pasaiako haur eta nerabeek ezinbestekoa dute eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz jasotzea, horrek eragin nabarmena duelako beraien euskara mailan eta erabiltzeko joeretan. Erronka horri aurre egiteko, elkarteekin eta ikastetxeetako guraso elkarteekin batera ari gara lanean, eta abenduaren 3ko ekitaldian haiek ere parte-hartze aktiboa izango dute. 

Herritarrak euskararekiko konpromisoak har ditzaten animatzea ere bada gure beste asmoetako bat. Herritarren aktibazioa lortu nahi dugu, bakoitzak ahal duen heinean euskararen aldeko konpromisoak har ditzan. Konpromisoak euskaraz dakitenek edo ez dakitenek har ditzakete: euskara ikasiz, gehiago erabiliz edo bakoitzak bere esparruan bere alea jarriz. 

Oraintxe aipatu dugun erronka aurrera ateratzeko egitasmoa Oarsoarrak Komunitatearen bidez ari gara gauzatzen, eta abenduaren 3an komunitate horretan izena eman duten herritarrak gonbidatuko ditugu ekitaldira. Bide batez, komunitate horretako partaide izateko www.oarsoarrak.eus web gunean izena ematera animatu nahi ditugu herritarrak. 

Ekitaldia alaitzeko, eta aisialdian euskara sustatzeko herriko elkarteekin elkarlanean dihardugula aprobetxatuz, herriko dantza elkarteek koreografia bat prestatu dute egunean bertan bertaratutako denek batera dantzatzeko. Hori dela eta, herritarrak dantza ikastera eta abenduaren 3an gurekin batera dantzatzera animatzen ditugu. Horretarako, koreografiaren bideoa Pasaiako Udalaren Youtube kanalean aurkituko duzue “Euskararen Eguna 2017” izenburuarekin.

Euskararen egunaren bueltan Pasaian beste ekitaldi batzuk ere antolatu dira, eta Euskararen Aholku Batzordeak haietan parte-hartzeko gonbita ere egiten du. Hain zuzen ere, Trintxerpeko Korkoiburuek abenduaren 2an egun osoan jarduerak antolatu dituzte, eta Pasai Donibaneko hainbat elkartek azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitarteko programazioa osatu dute. Haiei emango diet hitza orain.